GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | kartzela politikaren ondorioak

Jateko ez, Uribetxebarriaren alde egiteko erabili dute ahoa 400 lagun inguruk

Fiskalak jada mahai gainean ditu beharrezko txosten guztiak, baina oraindik ere ez du Iosu Uribetxebarriaren auzian inolako erabakirik hartu. Gainera, ostean epaileak hitz egin beharko du, berea baita azken hitza. Bien bitartean, ehunka euskal herritarrek aktiboki erakutsi diote babesa asteburuan zehar arrasatearrari, besteak beste, goseari eutsiz eta ura baino ez ahoratuz.

p002_f02.jpg

Oihane LARRETXEA

Nork ez ditu bere herrian, auzoan, hirian, joan berri den asteburuan gose grebalariak ikusi? Plazan, udaletxearen aurrean, parkean... Izan ere, ugari izan dira Iosu Uribetxebarriaren eta gaixo dauden beste hamahiru euskal presoen askatasuna eskatzeko topaleku izan diren espazio publikoak. Kamiseta urdinengatik segituan identifika zitezkeen gose grebalariak, baita inguruan hutsik nahiz beteta zituzten dozenaka plastikozko ur botilengatik ere. Ura, horixe besterik ez baitute ahoratu Herrirak asteburuan zehar egindako gose grebarekin bat egin dutenek. Larunbatean 11.00etan ekin zioten baraualdiari, eta, atzo, 20.00etan, eman zuten amaitutzat elkarretaratzeekin.

Gose grebez harago, beste hamaika ekintza burutu dira bi egunotan, ez baita geldirik egoteko unea, ezin baita Fiskaltzak noiz hitz egingo ote duen zain gelditu. «Aktiboak izan behar dugu, ezin dugu zenbatu zenbat hildako egon diren, ez da beharrezkoa, bakarra gertatzea ere asko delako», adierazi zuen Josebak Donostiako Ospitaleko atarian. Dagoeneko badira hamazazpi egun gose greban dagoela.

Batzuek baraualdia asteburuan burutu dute, baina beste batzuek iragarri dute Uribetxebarria etxean egon arte mantenduko dutela protesta. Ezin jakin, ordea, askatasunaren berria noiz emango den. Oraingoz, gaur hasi dena da Uribetxebarriak ospitalean ingresatuta emandako laugarren astea. Hain zuzen ere, gaur bertan hainbat proba mediku egingo dizkiote bere gorputzak erradioterapia sesioak jasotzeko gaitasuna duen edo ez argitzeko.

Gaur ere euskal jendarteko pertsona ezagunek deituta, gaixotasun larriak dituzten hamalau euskal presoen askatasuna eskatzeko ekimen berria aurkeztuko dute, Donostian. Herrirak aurreratu duenez, ekimenak lau eguneko iraupena izango du.

Aldarrikapenek Euskal Herriko mugak gainditu dituzte jada, eta, hala, Dublin, Bolivia edota Londresen ere burutu dira Iosuren aldeko elkarretaratzeak. Aldarria Saharara ere heldu da. Bertan, Mohamed Barkan preso politiko saharar ohiak eta Talde Mediatikoko kideak, espainiar eta frantziar gobernuei preso politikoen eskaerei erantzuteko deia egin zien, gaixo direnak askatzeko exijituz.

Erakundeen aldetik, zehazki Gipuzkoako Aldunditik, Arrasateko presoak babesa jaso zuen atzo, Donostiako Ospitaleko atarian egunero hamabi orduz egiten den elkarretaratzera gerturatu baitzen Martin Garitano ahaldun nagusia. «Iosuk berehala etxean egon behar du, bada egoera kafkiano honi amaiera emateko ordua», adierazi zuen. Bere aburuz, Euskal Herrian burutu diren ekimen guztiekin euskal gizarteak argi erakutsi du beste behin denen giza eskubideen aldeko apustua egina duela, eta «uneotan Iosu Uribetxebarriaren alde borroka egitea dagokio, berehala askatua izan dadin».

Blokeo egoeraren aurrean, azkenik, eskumena duten erakunde eta eragile politikoei zuzendu zitzaion Garitano, guztiak ere larriki gaixo dagoen presoaren askatasunaren alde lanean jar daitezen.

400 pertsona baino gehiago

Asteburuko ekimenak arazorik gabe egin ziren, nahiz eta Donostian eta Tuteran parte hartzaileetako batzuk identifikatu zituen atzo poliziak. Lehenengo kasuan, Ertzaintzak sei lagun identifikatu zituen Bulebarrean, antza autobus geltokietan presoak aberriratzearen aldeko kartelak jartzeko baimenik ez zutelako. Erriberako hiriburuan, berriz, Polizia espainolak lau lagun identifikatu zituen Iosuren argazkiak erakusteagatik. Agenteek adierazi zietenaren arabera, datuak Auzitegi Nazionalera bidaliko dituzte, «terrorismoari gorazarre» egitea leporatuta. Gainera, manifestuaren irakurketan, inguruko tabernetako terrazetan eserita zeuden hainbat pertsona ekitaldia oztopatzen saiatu ziren, Uribetxebarriaren askatasunaren aurkako oihuak eginez. Plentzian ere bi pertsona identifikatu zituen Ertzaintzak.

Baraualdiek izan duten parte hartzearen inguruko datuak zehatz biltzea zaila denez, hona hemen Herrirak bildutakoak eta GARAri igorritako batzuk. Donostiako Ospitaleko aurrealdean aldez aurretik gose greban zeuden 34 lagunez gain, beste 100 herritarrek egin dute bat asteburuko deialdiarekin Gipuzkoako hiriburuan; Bilbon, 18k; Iruñean, 40k; Arrasaten, 15ek; Sopelan, 7k; Andoainen, 14k; Errenterian, 21ek; Azpeitian, 20k; Goierrin, 86k; Barakaldon, 15ek; Larrabetzun, 21ek; Bilbon, 18k; Oñatin, 6k; Zumaian, 23k; Urdulizen, 6k; Oiartzunen, 20k; Lezaman, 6k; Plentzian, 10ek; Santurtzin, 8k; Leioan, 20k; Agoitzen, 7k; Urretxu-Zumarragan, 12k... Zaldibian, bestetik, Juan Mari Olanok egunak daramatza gose greban, eta dagoeneko 11 kilo galdu ditu. Herrirak egindako kalkuluen arabera, guztira 400 euskal herritar baino gehiagok egin dute 32 orduko baraualdia.

Iruñetik, berriz, Sergio Labaien Herrirako bozeramaileak esan zuen Uribetxebarria aske gelditu arte egunero Gobernu espainolaren ordezkaritzaren aurrean egiten den elkarretaratzea egiten jarraituko dutela.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo