GARA > Idatzia > Euskal Herria

Rafael Bengoa ez da Mato ministroak deitutako bilerara joan

GARA | GASTEIZ

Lakuako Osasun sailburu Rafael Bengoa ez zen atzo Ana Mato Osasun ministro espainolak Valladoliden deitu zuen bilerara joan. Hitzordura Estatu espainoleko erkidegoetako Osasun sailburuak zeuden deituta.

Efe agentziaren bidez Gasteizko exekutiboak atzo adierazi zuenez, Bengoak ez zuen bileran parte hartu hitzordua ez zelako «erabakigarria». Hala ere, sail honek dagoeneko adierazi du Madrilek abian jarriko dituen neurrien aurka dagoela, eta bere asmoa hauek ez aplikatzea dela.

Neurriak bertan behera utz ditzan eskatzeaz gainera, Andaluzia, Asturias, Kanaria irlak eta EAEk berak, erakunde, gizarte eragile eta erkidegoekin elkarrizketak abiaraztea eskatu zioten idatzi baten bidez Mato ministroari, baita ere erkidegoek arlo horretan dituzten eskumenak errespetatuak izan daitezen.

Lau sinatzaileek ministroari ohartarazi zioten egoera ekonomikoari aurre egiteko modua ez dela hezkuntza eta osasuna bezala oinarrizko eskubideetan murrizketak egitea, ezta zerbitzu publikoak pribatizatzea ere.

Nafarroa ere ez zen bilerara joan, baina honek orain egun batzuk baieztatu zuen euren egoera erregulatu gabe duten etorkinak osasun publikotik kanpo geldituko direla, eta artatuak izan nahi badute urtero tasa bat ordaindu beharko dutela.

Tasa hau gainera, Estatu espainolean baino garestiago izango da Nafarroan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo