GARA > Idatzia > Kultura

ZERUA eta INFERNUA

«Bakarrik bidaitzean zure bertute eta akatsekin topo egiten duzu»

p048_f02_149x93.jpg

Onintza Enbeitia
Politikaria eta bertsolaria

Onintza Enbeita (Muxika, 1979) bertsolaria Espainiako Gorteetan Amaiur koalizioko diputatua da egun. Bere zaletasun nagusia, bertsotan aritzea ez ezik, bidaiatzea ere bada. Mexikon, Senegalen, Italian... izan da eta hil baino lehen beste hamaika lekutara joan nahi duela dio.

Iris MURILLO | GASTEIZ

Bere oporraldiaz gozatzera etxera, Muxikara (Bizkaia), itzuli da Enbeita. Bertsolariak aitortutakoaren arabera, bidaiatzean leku eta jende berria ezagutzea maite du, horrek laguntzen diolako hemengo gauzak baloratzen. Aurten, urruneko herrialdeak baztertuz, penintsula hobeto ezagutzera ekingo dio; Galizia izango du helmuga.

Ezagutu dituzun herrialdeetatik zein nabarmenduko zenuke?

Guztiak. Baina bat aukeratu behar badut... Senegal esango nuke. Bada, bertan «abentura» sinesgaitzak bizi izan nituen; zazpi ordu luze eta jasanezin autoz egin eta gero, botata geratu ginen ezerezaren erdian, parke natural baten atean. Autoan eraman gintuen tipoak alde egin zuen eta lo egiteko lekurik gabe ere geratu ginen. Gainera, tximinoek janaria kendu ziguten. Dena dela, primeran pasatu genuen. Hasiera-hasieratik beste mundu batera joatea bezalakoa izan zen.

Nahiago duzu bakarrik bidaiatu ala konpainiarekin?

Konpainiarekin. Behin bakarrik bidaiatu nuen bakarrik. Bi hilabete eman nituen Mexikon eta esperientzia paregabea izan zen. Hala ere, mundua ezagutzera joateko nahiago dut norbait nire alboan izan.

Gomendatuko al zenioke norbaiti bakarrik bidaiatzeko?

Hori norberak erabaki behar du. Baina bakarrik bidaiatzeak norberaren mugak gainditzeko abagunea eskaintzen du. Inoiz pentsatuko ez zenituen gauzak egiten dituzu eta zeure buruarekin harrituta geratzen zara. Zure bertute eta akatsekin topo egiten duzu.

Hurbileko lekuak ala urrutikoak?

Urrun dauden herriek gehiago erakartzen naute. Baina hemen inguruan ere gustura ibiltzen naiz. Hemengo edo hango leku eta jende berria ezagutzea atsegin dut. Aurten, adibidez, Galiziara joateko asmoa daukat. Ez naiz iparraldeko lur horietan inoiz egon eta herrialde horrekiko ikusgura izugarria daukat.

Bisitatu dituzun lekuetatik nora bueltatzeko irrikaz zaude?

Egon naizen leku askotara itzuliko nintzateke, baina aukera izanez gero norakoa aldatuko nuke. Hainbeste leku bisitatzea gustatuko litzaidake, ezen ez baitut uste hil aurretik guztiak ikusteko denbora izango dudanik. Haatik, saiatzen naiz beti leku berrietara joaten.

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo