Mikel Zubimendi Kazetaria
Data aproposena, txanpa on-ona
Ezta nahita ere, ez dago hauteskundeen data hain apropos jartzerik! Patxi Lopezi eskerrak emateko arrazoiak badaude, bere erabakia- rekin txanpa oso onean kokatu baititu ezkerreko abertzaleak, udara bukatuta zuzen-zuzen hauteskundeetara disparatuta. Ondo dator hori, primeran, bai.
Aitortu behar dut EH Bilduk bere hautagai eta kabinete taldearen aurkezpen eta dinamikari ekin zionean, esprinta urrutiegitik bota ote zuen kezkatu zen horietakoa nintzela. Desgastearen arriskua ikusten nion. Egiari egia zor, baina, esan behar da kalkulu bikaina egin, eta bete-betean asmatu dutela. Oso ondo, usaimen fineko gaitasuna erakutsi da. Hautagaia aski sendotua, kutsakorra den sosegu eta lasaitasun baten jabe, konfiantza zabal bat errotu du ezkerreko herri abertzalean. Puntako lehendakarigaiak irabazteko mentalitatea elikatu, eta, honekin eta harekin huntaz edo hartaz berba egiterakoan, baikor eta ustekabea ematen laguntzeko prest sumatzen da jendea. Hauteskundeon garrantzia ondo barneratuta, bidean aurrera egiteko eskaintzen duten aukera aprobetxatzeko gogoz. Eta bai, xanpaina bezala, gora etorria dabil eta gorago egingo du gogoak oraindik.
Urteurren sinbolikoa da hauteskunde bezperarena. ETAk definitiboki borroka armatua utzi zuenekoa. Urte bat... asko da, eta ezer ez. Hain zuzen ere, hain oker ere. Hori ere ondo dator, iragan hurbilera begiratu eta irakasgai oinarrizkoenak freskatzeko, etorkizunari begira horiek ardatz hartuta, bai, asmatzen bada joko asko emango du.
Gustatzen zait hauteskunde data akatsak egiteko tarterik uzten ez duelako ere. Eta baita tartean greba orokor bat dagoelako ere, bosgarrena izateagatik, «eta gero zer?» galderari seigarren batekin erantzuterik ez dagoela jakinik, inoiz baino zailagoa ikusten dudan arren. Hor sortuko den dinamikak, errekastoek ibaiari ematen dioten emaria bezala, EH Bildu sendotuko du.
Hauteskunde data aproposa -Galiziakoekin kointziditu izana pixka bat izorragarri den arren- emaitza ikusgarri batzuen iragarlea da. Ezkerreko jende abertzalea konfiantzaz da lehiarako. Irabaztera ala irabaztera ateratzea besterik ez da falta.