GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Donostia eta Donibane Lohizune Baionako Scène Nationaleren programazioan sartu dira

Donostia eta Donibane Lohizunera zabalduko dira Baionako Scène Nationalek antolatu dituen emanaldiak. Krisi garaian, kultur erakundeak bere aurrekontua handitzea lortu du elkarlanari esker.

p050_f01_147x100.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

Donostiako Victoria Eugeniarekin eta beste hainbat sorkuntzetarako egin dituzten elkarlanei esker, 2012ko eta 2013ko aurrekontuaren handitzea lortu du Baionako Scène Nationalek. Eszena-T mugaz haraindiko eszena proiektuaren bitartez, Euroeskualdearen diru laguntza izatea lortu dute. Horrela, urriaren 12an Tricicle konpainiaren «Bits» antzezlana ikusteko aukera izango da Gipuzkoako hiriburuan.

Elkarlana ikuskizunak garatzeko ere gauzatu dute, nahiz eta gehienbat kanpoko produkzioak laguntzeko baliatu duten. Aurreko urtean antolatzaileek adierazi bazuten ere aurtengo denboraldiko programaziorako bertako taldeen presentzia handituko zutela, Baiona Euskal Kosta Eskualdeko Orkestra eta Compagnie 20 de la Luna («Albert Cohen - variations») kenduta, kanpotik etorritako konpainiak dira programan.

Aurrekontuaren garapenak elkarlana izan du sorrera; horrela, Estatuak laguntzak handitzea lortu du kultur erakundeak, hainbat urtetan diru sarrerak geldirik izan eta gero. Hori ikusirik, Baionako Herriko Etxeak ere igoerarekin bat egitea deliberatu du, krisiari aurre eginez. Programazio osatua izango da aurten: 67 ikuskizun 150 egunetan. Kulturak ez du krisirik izango Baionako eskualdean: hogei antzerki, zortzi dantza, hamabost kontzertu, lau zirku eta bost kantari izango dira. «Inoiz izan dugun hitzordurik aberatsena da», azaldu du kultur erakundeko zuzendari Dominique Burucoak.

Krisiari aurre egiteko ideiarekin egiten du bat aurtengo programarako sortu den afixak: Scène Nationalek ikuslea eskutik hartzen du, eta hari magiko baten bitartez, lorez eginiko hodei bati lotzen dio zeru izartsu batean. Krisiari aurre egiteko, ikusleria ametsen munduan sartu nahi dutela gaineratu du Burucoak: «Ikuskizunen mirakulua da». Mirakulu horrekin bat eginez, aukera oso eklektikoa aurkeztu du erakundeak, talde ezagunekin proposamen berritzaileak ere ezarriz.

Donibane Lohizune

Programazioko zazpi ikuskizun Donibane Lohizuneko Jai Alain eta Ravel auditoriumean izango dira. Horien artean flamenkoa izango da nagusi. Izan ere, kostaldeko hirian antolatzen den flamenko festibalarekin bat egingo du.

Flamenkoa oro har erakundeak antolatuko duen dantza programazioan ere nagusi da. Zortzi emanaldietatik lau dantza andaluziarrarenak izango dira, bosgarren bat tangoa, eta azkenik dantza modernoak hartuko du bere tokia.

ABERATSA

«Inoiz izan dugun hitzordurik aberatsena da aurtengoa», azaldu du erakundeko zuzendari Dominique Burucoak. Orotara 67 ikuskizun izango dira 120 egunetan.

Fitxa

Tokia: Angelu, Bokale, Donibane Lohizune eta Donostia.

Data: Urriaren 2tik ekainaren 4ra.

Antolatzailea: Scène Nationale Bayonne Sud-Aquitain.

Webgunea:

www.snbsa.fr

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo