Rodolfo Ares badoa, eginbeharrak bete gabe
Lakuako Barne sailburu Rodolfo Aresek atzo iragarri zuenez, bere kargua utziko du, bere alderdiaren hauteskunde kanpaina zuzentzeko. Aresek esan zuenaren arabera, kontzientzia garbi daukala eta bere eginbeharrak bete izanaren lasaitasunarekin uzten du kargua. Barne sailburuaren «merituak», ordea, ez dituzte halakotzat sumatzen herritar guztiek. Euskal preso politikoekiko elkartasuna jazartzen sartu zen Barne Sailera, nahiz eta ordurako Balzak gidatzen zuen Ertzaintza presoen argazkiak kaletik kentzen hasia zen. Aresek dinamika horri eutsi eta indartu egin zuen, presoekiko elkartasuna agerikoagoa izatea «lortu» bazuen ere. Ezker abertzalearen estrategia aldaketaren ondorioz abiatutako prozesuari dagokionez, Aresen ekarpena, oro har bere gobernu osoarena bezala, hutsaren hurrengoa izan da, eta, beraz, ezin esan inondik inora bere eginbeharra bete duenik. Iñigo Cabacasen heriotza Aresek izan duen «unerik zailenetako bat» izan omen zen. Baliteke, baina euskal herritarrentzat Aresen agintaldiko unerik tragikoena izan zen, eta sailburuak kargua uzteko motibo handiagoa izan zuen orduan orain baino. Lasai omen doa, baina lasaitasun hori ezin dio eginbeharrak bete izanak eman, Cabacasen heriotza argitu gabe eta hura argitzeko borondaterik eza erakutsita baitoa. Badoa Rodolfo Ares, eta harekin bere zorigaiztoko barne politika.