GARA > Idatzia > Kultura

Chucho Valdesek emango dio hasiera BBK Masters At Work zikloari

GARA | BILBAO

Chucho Valdes musikagile kubatarrak Bilboko BBK aretoan kontzertua eskainiko du irailaren 25an, 20.30ean, «BBK Masters At Work» jardunaldia inauguratzeko. Valdes izen handiko artista dela gogorarazi zuten musika zikloaren antolatzaileek. Izan ere, jazz latinoaren generoa birformulatzea lortu du, jazz tradizionala beste musika generoekin nahasteko daukan gaitasuna dela-eta. Horrekin, musikan esparru berrien bide-erakuslea izatea ere lortu du kubatarrak.

Bere ibilbide profesionalean hainbat aldiz saritua izan da, hala nola zortzi Grammy sariren jabe da. Nolanahi ere, ez da harritzekoa. Hain zuzen ere, Valdesek txikia zenetik erakutsi izan du bere aparteko gaitasun musikala. Hiru urte baino ez zituela, pianoa jotzen hasi zen bere aita Bebo Valdesen laguntzarekin. Gaur eggun, munduko pianistarik onenetakotzat hartzen dute aditu askok.

Kontzerturako sarrerak erosteko, zerbitzu anitzeko kutxazainak, www.bbk.es. web orrialdea edota 944 31 03 10 telefono zenbakia daude eskura. Gainera, aretoko arduradunek jakinarazi dutenaren arabera, BBK txartelaren erabiltzaileek deskontu bereziak jasoko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo