GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia

Denboraren orratzak

Denboraren orratzek markatzen diguten erritmoan dantzatzea beste aukerarik ez zaigu geratzen gaurkoa [atzo] bezalako egunetan. Goizeko lehen ordutik tik-tak, tik-tak erlojuaren aurka. 

08.50. Jaiki eta baskulara salto: 57,7 kg. Mantentzen ari naiz, ez da seinale txarra! 09.00. Gosari arrunta. Bazen garaia pasta alde batera utzi eta ogi xigortura mermeladarekin eta zerealetara itzultzeko! 09.45. Entrenamendu txikia. Ordu bat erlojupeko bizikletarekin, gorputza martxan jartzeko nahikoa.

11.00. Dutxa eta luzaketak. 11.45. Bazkaria. Berriz ere pasta platerkada, hau nobedadea! 14.00ak bitartean atseden tartetxoa: ohean etzan eta lasai egoteko aukera. Ondoren, dortsala jarri buzoari, eta, behin motxila atonduta, hoteletik irteteko prest. 14.00. Autoan sartu eta irteera gunera. 14.45. Kafe bat hartu, arropaz aldatu eta lanari ekiteko prest. 14.55. Arrabolari ekiteko garaia. Giharrak puntuan jarri beharra dago.

15.45. Izerdiz blai nago dagoeneko. Toallarekin pixka bat lehortu, kaskoa jantzi eta irteerako maldara. Agonia hastear da! 15.54. «5, 4, 3, 2, 1, go!». Egurra! 39 kilometro ahalik azkarren egin behar! Ez da gustukoen dudan lana, baina tira... Eragin hankatxo horiei! 16.50. Bukatu da kalbarioa! Gogorra izan da, baina, azkenik, helmuga pasata, taldeko autokarabanara bidean naiz. Dutxa eta erlaxatzeko garaia heldu da! 17.20. Velas, Mikel Astarloza, Julenekin hotelera itzultzeko autoan sartu gara.

18.30. Masajea. Zornotzako «txinotxoak» esku onak ditu! 19.35. Zutabetxo hau idazten ari naiz. Ea azkar bukatzen dudan garaiz bidali ahal izateko. 20.30. Afalordua. Eguneko batailak kontatu eta lagunartean egoteko tartea. Tik-tak, tik-tak... hau eguna! Azkenean ere erlojuaren orratz horiei begira egon beharrik gabe telebista ikusi eta lasai egoteko aukera dugu!

Egun hauek estres puntu bat ere sortzen dute; egun guztia erlojuaren aurka, eta zertarako? Ba ezer gutxirako, beste behin eguneko sailkapena ikusitakoan erlojuak irabazi digula ikusteko! Hau marka!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo