GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Marisol Ramirezek jaso du Aste Nagusiko argazki onenaren saria

Abuztuaren 20an GARA egunkarian argitaratutako argazki bati eman dio Aste Foto saria Moskotarrak konpartsak. Bertan, Juan Carlos Eguillorren omenezko buruhandia ageri da.

p049_f01_97x144.jpg

A. ARRUTI | BILBO

Hamaseigarren urtez banatu zuen atzo Moskotarrak konpartsak Aste Nagusian prentsa idatzian argitaratutako argazki onena aitortzen duen Aste Foto saria eta aurtengoa Argazki Press agentziako Marisol Ramirezentzat izan da. Ikus-entzunezko arteetan aritzen diren hiru adituk osatutako epaimahaiak aukeratu du abuztuaren 20an GARA egunkarian argitaratutako irudia. Jaietako lehenengo goizean txikienek izandako bizipenak kontatzen dituen kronika janzteko erabili zen argazkia eta bertan Juan Carlos Eguillorren omenezko buruhandia ageri da, beste bi kiderekin batera, haurrekin kalejiran.

Epaimahaiak accesit bat ere banatu du edizio honetan, «materialaren kalitatea ikusita». Kasu honetan, «Deia» egunkarian abuztuaren 24an argitaratutako Zigor Alkortaren lana saritu zuten. Irudian su artifizialak ageri dira, eta, lehen planoan, «atzeko burrunbari kasurik egin gabe, bikote bat banku batean eserita suei begira».

Moskotarrak konpartsak antolatzen duen beste lehiaketa bat postalena da. Bere helburua «Aste Nagusia mundu zabalean zabaltzea da, jaien ezaugarri bereizgarri bat duen irudi baten bitartez».

Hamasei lan aurkeztu badira ere, saria eman gabe gelditu dela azaldu zuten atzo, «kalitate eskasagatik». Hori dela eta, Ramirezi eskaini zioten bere argazkia postal bihurtzeko aukera, eta honek onartu. Iaz 4.000 ale banatu zituzten, besteak beste, Fitur turismo azokan.

Konpartsako arduradunek datorren urterako hobetzeko proposamenak ere jaso zituzten, horien artean, aurten abiatu duten herritar guztien integraziorako ekimena, Down sindromedun gazteekin bereziki.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo