Non dago Blanka?
Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria
Uda honek ez dizkigu berri on gehiegi utzi, edo hala esango nuke, munduaren zabaleroa bakoitzaren gerrikora ekartzeko ariketa egoista eginez. Baina bada bat, berri on bat, bere «txikian» bereziki aipagarria. Mundua hobetzen lagunduko ez digun berri musikal horietako bat da (nahiz eta gau batez gizon-emakume batzuek musika ona edukiko duten...). Berri musikal baten pisu espezifikoa duena eta hau askotan esponentzialki kalitate musikalaren alderantzizkoa denez, zuek atera kontuak. Baina batzuoi uda poztu digu, eta udazkenaren irrikitan jarri gaitu Balerdi Balerdi taldea berriro grabaketa estudio batean aritu dela jakiteak.
Dena dela, poz erabatekoak susmagarriak eta askotan kimikoak izaten direnez, badu berri onek bere onean, laster osatzea espero dudan hutsune nabari bat. Hara non estudioan aritu direnen zerrenda ikusita, taldekoen eta lagunen zerrenda horretan, baden inork gutxik bete dezakeen hutsune bat. Non dago Blanka? Zerrenda errepasatu dut berriro, badaezpada ere, baina to. Eta galdera zena deiadar bihurtu da, eta, azkenik, baita aldarrikapen ere. Marino jubilatu zen eta barkatzen diogu (edadia badakizue), taldeak Patxirik gabe bizitzen bazekiela erakutsi zuen, baina Blankaren ahots eta teklak behar ditugu, benetan, haren freskura, haren pop airea, haren naturaltasuna ez dira dohain oso hedatuak gurean, ez duela urte batzuk, ezta gaur egun ere. Non dago Blanka? Izen ezin hobea kausa bat sortzeko Facebooken, txioz josteko Twiter, blogosferan musika onaren aldarrikapena egiteko. Non dago Blanka?
Eta gainera, Blankarena gutxi balitz, zera zioten elkarrizketa batean, ez dakitela diskorik argiratuko duten ala ez. Zertara joan ziren orduan estudiora, meriendatzera?