Lekeitioko zortzi gazte epaituko dituzte Madrilen, 2009ko Antzara Egunagatik
GARA | LEKEITIO
Lekeitioko zortzi gazte epaituko dituzte irailaren 20 eta 21ean Auzitegi Nazional espainolean 2009. urteko Antzara Eguneko ospakizunen ondoren izan ziren gertakariak direla-eta. Horregatik, Bizkaiko kostaldeko herri honetako biztanle ugarik prentsaurrekoa egin zuten atzo gazte hauei sostengua adierazteko eta «muntaia poliziala» salatzeko.
«2009ko uda, uda `beroa' izan zen Euskal Herrian. Presoekiko elkartasuna `argazkien auzia' bihurtu zuten agintean zeuden gobernariek, indar polizialak elkartasun hori erreprimitzeko erabiliz. Lekeition ere berotasun hori uda osoan zehar sumatu genuen eta ez ginen libratu. Lekeitiarrontzako Antzar Egunean prestatu zuten muntaia poliziala, Euskal Herri osoan ezaguna den egunean eta beraz oso jendetsua», azaldu zuten.
«Zoritxarrez, hain gazteak ez garenok, aurretiaz ere bizi izan dugu antzekorik, zehazteko Francoren garaian. Orduan zein 2009an, jaian murgilduta zegoen edozein herritar izan zen kolpatua edo kaltetua. Hau da, orduan zein 2009an, kalean zegoen edonor izan zitekeen atxilotua», gaineratu zuten.
Gauzak horrela, egun hartan zortzi lagun atxilotu zituzten. Astero epaitegian sinatu behar izan dute zortziek, eta zortziak izango dira Madrilen epaituak. Fiskalaren eskaera, bakoitzarentzat, bi eta hiru urte arteko espetxe zigorra eta isunak dira. Honekin batera, 64 lekeitiar deitu dituzte deklaratzera Madrilera.
«Euskal Herriak bizi duen momentu politikoan lekuz kanpo daude horrelako eraso eta epaiketak. Eskatzen duguna justizian eta egian oinarritutako bakea da eta inor ez da gure gainetik pasako», gaineratu zuten atzo udaletxe aurrean elkarturiko lekeitiarrek.