Urkullu: «Euskadik trantsizioa behar du»
ETAren erabakiaren ondoren «euskaldunok gure trantsizioa egitera behartuta gaude», esan zuen atzo Iñigo Urkulluk, EAJko lehendakarigaiak. Jeltzaleen hautagaiak krisiaren irteera lehenetsi zuen, eta beste gai batzuk ere aipatu zituen, tartean, «Euskadirentzako estatus berria 2015ean».
GARA | BILBO
«77an egin ezin izan genuen trantsizioa egitera behartuta gaude euskaldunok». Horren konbentzitu agertu zen atzo Iñigo Urkullu, EAJ alderdiko lehendakarigaia, Efe agentziari egindako elkarrizketan.
Trantsizio horrek «Euskadirentzat estatus politiko berria lortzea» izango luke helburu, «betiere akordio eta adostasunetan oinarrituta». Halere, Urkulluk bere lehentasuna «krisiari irteera ematea» dela azpimarratu nahi izan zuen.
2015erako EAJk agindutako «estatus berri hori», bere lehendakarigaiaren aburuz, «erakunde politikoen akordio eta adostasunaren artetik baino ezin da etorri». «Bide horretan, orain dela zortzi hilabete `Euskadi, europar nazioa' dokumentua baietsi genuen», gaineratu zuen hautagai jeltzaleak.
«Ez diegu Espainiari edo Frantziari so egiten, europar eraikuntzari baizik. Euskadi Europan nazio gisa sartzea kezkatzen zaigu bakarrik, eta hortaz, Estatu espainolarekin erlazio adeitsu izatea komeni zaigu, historiagatik eta gertutasunagatik», nabarmendu zuen Urkulluk, PPren inguru mediatikotik agertutako mamuak uxatu nahian.
Ildo horretatik, EAJren programa azaldu zuen: «Autogobernuan sakondu nahi dugu, aniztasuna errespetatuz, eta inor alboratu gabe», argi utziz Estatuarentzat ez direla mehatxua izango.
Maeztu, zuhur
Aralarreko parlamentari Dani Maeztuk ukatu egin zuen EH Bildu koalizioak «inolako akordiorik» duela, eta «gizarteak urriaren 21ean zer dioen» itxarongo dutela gaineratu zuen, orduan bai, «edozein alderdirekin» akordioak erabakitzeko.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Maeztuk ezeztatu egin zuen EH Bilduren eta EAJren artean EAE gobernatzeko aurretiko akordioren bat dagoela. «Ez dago ezer eginda, eta ez dut uste ezer eginda egongo denik hauteskundeak egin arte», argitu zuen Aralarreko koordinadoreordeak.
Maeztuk argi utzi zuen «sutsuki» sinesten duela urriko hauteskundeetan EH Bildu lehen indarra izan daitekeela. Lakuako gobernua eskuratzea, ordea, gaitzago ikusten du: «Gauza bat da aulkietan lehendabiziko indarra izatea, eta beste gauza bat da gobernatzea, nola, norekin, eta ze programarekin».
Era berean, momentu honetan EAJ babestea «ez da esku artean daukagun aukera», baizik eta «urriaren 22tik aurrera, alderdi politiko guztiekin biltzea, hori delako gizarteak espero duena». Maezturen iritziz, gaurko egoerak akordioak behar ditu, baina «alderdi bakar batekin akordio zabal bat baino, akordio puntual anitzak behar ditu».