GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR RadioShack taldeko txirrindularia

Nor bere lekura

Behin atseden eguna hartuta, ikaragarri gozatzen nabil Galizia aldean egiten ari garen etapa hauetan. Galizia bera oso ederra izateaz gain, bertako jendea zein zaleak ere, txapela kentzeko modukoak dira. Baina polita izateaz gain, gogorra ere bada Galizia, eta txirrindulari lasterketa bat egiten denean, hemengo ibilbideak ez du barkatzen. Horren adibide dugu Pontevedrara egin genuen erlojupekoa. Hain zen gogorra eta zigi-zagatsua, non taldeko zuzendariak erlojupekoa lasai antzean egiteko esan zidan, ibilbide horretan ezer egiteko aukerarik ez nuela argi baitzeukan.

Eta Ezaron bukatutako etapa eder honek ere, justizia egin, eta indartsuena izan da garaile. %25eko maldatan gora goazenean, ez da zorte ala posizio konturik; hor, maldak eta ibilbideak nor bere tokian jartzen gaitu. Baina, gaurkoan [atzo], bizitzak, lasterketak baino gehiago jarri gaitu gure lekuan. Gure taldeko laguntzaile bat, gaizki sentitzen zela-eta ospitalera eraman, eta oraindik oso gaztea delarik, buruko odol-isuri bat dela medio, gorputz erdi mugitu ezinik dago.

Gauza materialei zein itxurari inportantzia gehiegi ematen diogun gizarte honetan, neure buruari gogor egiten saiatzen naiz. Auto, etxe, opor eta horrelako ilusio materialistak ditudanean, konturatzen naiz, nire inguruan horrelako gauzaren bat gertatzen denean, bizitzak berak nire lekuan jartzen nauela. Ametsetako mundu artifizial horretatik jaitsi, hankak lurrean jarri, eta bizitzan benetan zer den garrantzitsua konturatzen naiz. Horrexegatik, bizitzak emandako «abisu» hau jazo eta gero, espero dut, berriz, horrenbeste estimatzen dudan laguntzaile honek osasuna lehenbailehen berreskura dezala, hori baita, azken batean, bizitza gozatzeko behar dugun gauza garrantzitsuena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo