Udate
Maiordomoek eta botxek Berriozarko herri zaharrera eraman dute festa giroa
Berriozarko auzo zaharra Ezkaba magalean dago, eta jaiak bertara iritsi ziren atzo, herritarrek maiordomoen dantzaz eta botxen txapelketako finalaz gozatzeko. Antsoaineko taldea gailendu zen botxetan, txantrearrei finala irabazi ostean. Gaurtik aurrera, berrioztarrak beheko alde berrira itzuliko dira jaiak ospatzera.
Aitor AGIRREZABAL | BERRIOZAR
Ohikoa duen moduan, Berriozarrek herriko alde zaharrari jai eguna eskaini zion atzo. Bertan, ohiturak berrituz, ospakizun egun berezia bizi izan zuten herrikideek, azken hamarkadetan berreskuratutako maiordomoen dantza eta botxa txapelketa egin baitzituzten.
Eguneko ekitaldirik bereziena maiordomoen dantza da. 70eko hamarkadan berreskuratu zuten ohitura hau, non ezkontzeko adinean edo asmotan dauden lau herritarrek plaza erdian dantza egiten duten. Aukera egotekotan, dantza taldeko kide ez den norbaitek egiten du.
Meza ostean dantzaldiari hasiera ematen diote, eta beren erakustaldia amaitu ostean, bertaratutakoen artean hamaiketakoa banatzen dute. Behin horiek eginda, Hulargi eta Txori Zuri dantza taldeko kideen txanda izaten da. Txikiak zein helduak dira bertan dantzak plazaratzen dituztenak. Ikurrin dantzaz edota aurreskuaz gozatzeko parada izan zen atzo eguerdi aldera.
Ikuskizun honek herritar asko biltzen ditu, eta honek egiten du berezi jende askorentzat: «Txikienetatik gure moduko zahartxoetaraino, denek gauza beraz gozatzeko aukera izatea polita da», baieztatu zuen Joxek. Hala ere, bertan bazegoen baten bat nahikoa sufrituz: «Daukadan ajearekin, alabak dantza egingo ez balu, ez nengoke hemen», azaldu zuen parrandaren ordainak azaleratzen zituen Ismael berrioztarrak, inguruko banku batean eserita indarrak pilatzen zituen bitartean.
Dena dela, aurpegirik esanguratsuenak dantzan hastear zeuden txikitxoek zituzten. Irribarre batez urduritasuna estali nahian, beren gain hainbeste begi izateko irrikaz zein beldurrez azaldu ziren plazara bizitzan lehenbiziko aldiz herriko jaietan dantzatu behar zuten dantzari gazteak.
Antsoain, botxetan txapeldun
Behin dantzaldiak amaituta, botxen txapelketako finalaren ordua heldu zen. Bertan, antsoaindarrek eta txantrearrek neurtu zituzten indarrak. Txapelketaren historian lehenbizikoz ez da Berriozarko talderik iritsi finalera. Garaipena, eta saritzat iragarritako hiru urdaiak, Antsoain aldera joan ziren, Txantreako taldeari 15 eta 6 gailendu eta gero. Auzo iruindarrekoek hiru gazta lortu zituzten txapeldunordearen saritzat.
Botxetan aritzeko ohitura 1936an galdu zen, eta azken urteetan herriko gazteen eskutik berreskuratu dute. Petankaren antzeko jokoa da, non botxak botxin izeneko berunezko pilota txiki batera gerturatu behar diren. Gaurtik aurrera jaiak herriko beheko aldera itzuliko dira, eta gauero aukera ederra izango da musikaz gozatzeko.