Mikel Jauregi Kazetaria
Furgonetan (II)
Laino, baina sargori zagok gaur. Arropa hauekin ibiltzeko ezin aldrebesagoa. Bi pauso eman, eta izerdi patsetan. Eta hemen barruan, itolarria oraindik eta handiagoa duk. Hi, itzal ezak zigarreta hori! Ezin al duk furgonatik atera arte itxaron? Ito egingo gaituk! Ea horko horiek erabakia azkar hartzen duten eta arre edo so egiteko moduan garen. Aspertzen hasita nagok: azken hilabetean, egunero-egunero, honaino igo beharraz aspertuta, eta, batez ere, gaurkoarekin nazka-nazka eginda.
Hemendik abiatu eta Arrasateraino martxa egin nahi ditek batzuek; auzitegietatik debekua jarri besteek. Baina alferrik duk hauekin, ezin gainerakook egingo genukeen bezala etxerako bidea hartu, bake santuan. Beti iskanbilan eta purrustaka ibili behar hori... Bere-berea ditek, genetikoa. Eta, noski, gaur ere ezin zuan bestela izan. Haiek nahi bezala egiterik ez bazagok, beste modu batera saiatuko dituk protestan. Abilezia baditek, eta adorea... eta lotsa gutxi.
Bazatozak sustatzaileak. Zeozer erabaki ditek, itxura denez. Badaezpada ere egon gaitezen prest. Haietako batek aulki bat hartu dik, adi! Hona hurbiltzen baduk, eta aurpegian intentzio txarrik nabaritzen badiozue, badakizue zer egin: borrak astindu eta bizkarrak berotu, horri eta beste guztiei. Zer? Zer diok, Iñaki? Fraidea dela? Paulo zer...? Baina, nondik ezagutzen duk tipo hori? Bueno, gu geurera. Esandakoa: adi, inoiz ez zagok hauekin fidatzerik. Aulkia guri jaurtitzeko gai duk Paulo Agir... demontreko hori.
Hara, baziek maldan behera! Tira, segi atzetik eta gera hadi aurrealdean. Kepa, hator nirekin eta besteok, egon hemen zain. Eta adi. Fraidea identifikatu behar diagu, eta albokoa, eta mugitzen den kristo guztia. Ez ahaztu arriskutsua izan daitekeela, aulkia daramala esku artean. Kepa, har ezak bideokamera eta grabatu: aulkia, hor daraman paper moduko hori, eskuak, aurpegia, elastikoaren leloa, prakak, oinetakoak... guztia. Balioko ziguk zeozertarako, orain edota beste noizbait.
Kitto, bukatu diagu. Furgonara berriz. Segi atzetik badaezpada ere, badakizue hauek nolakoak diren. Iñaki, piztu ezak irratia, informatiboaren ordua duk-eta. «Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak kargua uzten duela iragarri berri du, bere alderdiaren hauteskunde kanpainan lan...».