GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Diru publikoaz ari direla, umeen ika-mikarik ez

Nabari da, nabari denez, hauteskunde kanpaina, ofizialki ez bada ere, hasia dela. Nabari zen Patxi Lopez lehendakariak hauteskunde data iragarri zuen egunetik bertatik, eta are lehenagotik ere. Herritar askori luze eta astuna gertatuko zaio, nonbait, batez ere talde politikoek beren programa aurkeztu eta defendatu ordez, beren kezka nagusia beste indarrak seinalatu eta maiseatzea izanda. Atzo, Lakuako Ekonomia sailburu Carlos Aguirre EAJren eraso eta «gezurrei» aurre egitera agertu zen jendaurrean. Aguirrek esan zuenez, bere Gobernuaren finantza egoera fidagarria da, EAJk utzi omen zuen «herentzia pozoitua» gorabehera, eta ziurtatu zuen Gasteizko Gobernuaren zorraren heren bat Juan Jose Ibarretxeren Gobernuari dagokiola, kontabilitate desorekak aurreko Gobernutik datozela, alegia. EAJko presidente eta lehendakaritzarako hautagai Iñigo Urkulluk, berriz, «gustu txarreko txantxatzat» jo zuen Aguirreren Gobernuaren zorpetzea aurrekoari leporatzea.

Ika-mika horiek ematen duten irudia eskola patioko eztabaida batena da, honela labur litekeena: «eta zu gehiago». Orain arteko eredu fiskalaren gabeziak ikusita, ez al litzateke interesgarriago indar politikoen alternatiben berri entzutea? Beharbada horrelako eztabaida interesgarriago irudituko litzaieke herritarrei. Batez ere beren diruaren kudeaketaren gainekoa delako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo