GARA > Idatzia > Euskal Herria

Plentziarrek, San Antolin eguna ospatuta, agur esango diete jaiei

San Antolin egun handia ospatzearekin batera bukatuko dira gaur, asteazkenean hasi ziren Plentziako jaiak. Goizean kalejira, eguerdian koktel txapelketa eta gauean su artifizialak nagusi gaurkoan. Bitartean, Jai Batzordekoek festen prestaketan kuadrillek egindako ahalegina eskertu zuten. Aurtengo jaietan beste hainbat ekitaldi ere nabarmendu dira, hala nola: marmitako txapelketa, euskal festa edo kuadrillen arteko jolasak, playbacka eta mozorro lehiaketa.

p021_f02_250x128.jpg

Jon ADAN | PLENTZIA

Antolintxu eta Madalentxu baserritar bikote famatuari agur esango diote gaur Plentzian, San Antolin egun handia ospatzearekin batera amaituko baitira aurtengo jaiak. Gaurko egun handia hasteko, 10.30ean, buruhandiek, dultzaineroek eta txistulariek girotuko dituzte herriko kaleak. Eguerdian, aldiz, 13.15ean, Sugarri musika taldeak kontzertua eskainiko du Astillero plazan.

Horiez gain, eta ekitaldi nagusi moduan, Aintzane Berreteaga Plentziako Udaleko Jai zinegotziak eta Jai Batzordeko kideak nabarmendu digu 14.00etan egingo duten Sanantolin koktel txapelketa. «Ohitura da herrian San Antolin egunean fanfarreen erritmopean tabernetatik koktelak edaten joatea; tabernariek antolatzen duten txapelketa da. Koktela banillazko izozkiaz eta arrautzaz osatzen da, eta horren gainean, likoreak botatzen dituzte».

Gauean, 20.00etan, Astillero plazan erromeria izango dute Orots taldearekin, eta 23.30ean, jaiak bukatzeko, su artifizialak botako dituzte ibai ertzetik, eta horrela agurtuko dituzte bada Antolintxu eta Madalentxu datorren urtera arte.

Plentziako Jai Batzordeko kideek sanantolinak prestatzen ibili diren kuadrillak zoriondu zituzten. «Buru-belarri ibili dira jaiak prestatzen eta eurengatik izan ez balitz, San Antolin jaiak ez ziren aurrera aterako». Adibide bat jarri zuen Aintzanek: «Atzo eleiz enparantzan berbena izan genuen Aliron eta Doctor Flashback taldeekin; neurri handi batean Txitxirripatxarra 25 urte bete dituen kuadrillak jarri zuen diruari esker».

Jaien bilakaera

Asteazkenean, ohiturari jarraituta, Antolintxu eta Madalentxu baserritarrei herritarrek egindako harrerarekin hasi ziren Plentziako jaiak. «Isuskitza auzotik eta Astillero plazara Plentziako ibaitik txalupa batean etortzen dira. Aurten Anabel Sano eta Txarli Ahedo plentziarrek egin dute Antolintxu eta Madalentxuren papera», dio Berreteagak.

Asteazkenean eta ostegunean aldiz, kuadrillen arteko probak jokatu zituzten, eta tortilla, play back edota mozorro txapelketak ere bai, besteak beste. «Jaiak bukatutakoan kuadrilla onenari, sari gisa, «urrezko alpargata» emateko ohitura dute herrian; bat kategoria bakoitzeko: txikiena, helduena eta nagusiena».

Ostiralean, pasealekuan egin zuten marmitako txapelketan, 130 kazola aurkeztu zituzten. Atzo, aldiz, 120. Euskal Jaia ospatu zuten, goizean nekazari zein abeltzainen azokarekin, eta eguerdian triki-poteoa egin zuten Astillero plazan. Arratsaldean berriz, sagardo festa izan zuten trikitilari eta bertsolariekin.

JAIEN PROTAGONISTAK

Antolintxu eta Madalentxu baserritar bikotea dira jaien protagonistak. Urtero herritar desberdinek hartzen dute ardura hori. Aurten, Anabel Sano eta Txarli Ahedo plentziarrei suertatu zaie Antolintxu eta Madalentxuren papera egiteko ohorea.

KuADRILlEN LANA

Jai Batzordekoek festen prestaketan kuadrillek egindako lan «ezin hobea» nabarmendu zuten. Atzoko erromeria adibidez, Txitxirripatxarra kuadrillak jarritako diruari esker antolatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo