Julen MURGOITIO
«Ona, txarra eta itsusia»
Ikusi-makusi. Zer ikusi?... Zinemaldian? Ikusi, behar bada, bai, zer edo zer ikusiko; baina begiratu gutxi, eta leihotik are gutxiago. Hortaz, ez da Begiraldia. Zinemaldi ilunaren aldeko apustua egin dute, leihorik ez duen Zinemaldiarena, kanpoko inor leihotik barrura begira para ez dadin. Ez dadin gerta begiratzen hasi eta zerbait berri ikustea. Ez naiz paratu irakurtzen Zinemaldiko pantaila ofizialetik pasatuko dituzten filmen zerrenda, baina ez ninduke harrituko horien artean holako bat izateak: «Ona, txarra eta itsusia». Ez, ez naiz western ezagun hartaz ari, gure beheko Estatuak finantza erakundeak saneatzeko hartu duen errezetaren harira egin litekeen filmaz baino. Banku ona, banku txarra eta banku itsusia, edo. Hau kolpea! Bankuetan behintzat, txarra osasun publikoaren esku utziko dute, onak osasun pribatuaren esku segi dezan. Itxura hartzen diot nik errezeta horretan ez dela kopagorik izango. Ez dago hori ulertuko duen kristaurik! Hori bai, banku guztiak dira berez itsusiak, ume jaioberriak diren bezalaxe. Aldea, zein? Umeak kanpotik baino ez direla itsusiak, eta lehenengo asteetan besterik ez. Bankuak, ostera, beti, eta betiko martxan ibili nahi.
Hortaz, martxa aipatu dudala, denetariko martxak ditugu egunotan, han-hemenka. Hemengoak hangoek debekatuta, berez, legez, urrats bakoitzean giza-eskubideen apologia egitekoak omen baitira; eskerrak izan badirela zuzenbide-estatuaren eskubideak babesten dakiten epaileak, bestela batek daki zer jende klasek hartuko zituen hemengo errepidetako bazterrak! Hango martxak, ordea, legezkoak eta on line. Ama, ama! Hamaika ikusteko gara gero! Nondik nora eta espetxetik espetxera martxan, nortzuk eta senideak, zertarako eta besteen senideen giza-eskubideak ukatzeko. Gose-greban hasteko omen dira hangoak. Ongi etorriak izan bitez gosete politikoaren eremura, ea goseak ematen dien aseak eman ez dien hori, ganora. Martxa ere Ipar Euskal Herritik abiatu berria, Brusela helmuga, «Good Food March», bestelako nekazaritza eskatzeko. Iruñeko Arantzadin ortu segitu nahi duten lurretan eskatzen ari diren bezala. Bestelako elikagaiak, gertu-gertukoak, bestelako dastamena, bestelako buruak... gose-greban inor ez dadin has, behartuta behintzat. Eta martxaren bat ere Athleticetik, oker ez banago. Omen. Amen.