GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Paz Frances | Salhaketa Nafarroa elkartearen izenean

Lehen suizidioa Iruñeko makrokartzelan

 

Baliteke, hainbat delitu burutzeagatik zigor bezala ezartzen den askatasun eza, beste momentu historiko batzuetan helburu berdinarekin ezartzen ziren zigor fisikoak bezain ikusgarria ez izatea. Horregatik, orokorrean espetxean gaixotasunagatik edo bere buruaz beste egiteagatik eman diren heriotzak ez dira heriotza zigortzat hartzen, hormen beste aldean ere, sarritan era berean hil daitekeen justifikazioa erabilita.

Kasu gehienetan, espetxean pertsona batek bere buruaz beste egin izanak ez du oihartzun handirik izaten, honek suizidio samalda bat eragin ezean, jakina baita espetxean suizidioak «kutsakorrak» direla.

Espetxeetan bere buruaz beste egiten duten lagunen kasuei garrantzi gutxi ematen bazaie ere, argi dagoena zera da: bertan ematen diren heriotzak ezkutuan heriotza zigorra duten sententziak dira eta espetxeak zigor fisikoaren ondorioak gutxi eraldatu dituen seinale; espetxeak ere heriotzara baitarama. Eta heriotzara daraman heinean, hori ezin liteke gutxietsi, gertaera soil bat gehiago izango balitz bezala.

Pasa den abuztuaren 29an, Iruñeko makro-kartzela berrian lehenengo buru-hiltzea suertatu zen. 47 urteko gizonezko batek bere ziegan zainak moztu eta ondoren erabilitako trenza irentsi zuen, ospitalera iritsi eta minutu gutxira zendu zelarik. Horrelako gertaera larri baten aurrean, ezin dugu beste aldera begiratu, espetxean gertatzen diren basakeriekin gertatu ohi den bezala.

Askatasun ezak zentzurik ez duen heinean, beti parean izango bagaitu ere, errealitate bat da, eta honen ondorioz Espetxe Administrazioaren ardura izango litzateke ezarri zaizkion betebeharrak bermatzea. Hau da, askatasuna ukatu dieten presoen bizitza ziurtatu eta euren eskubideak errespetatzeaz arduratu beharko luke. Horrez gain, espetxe zigorrak betebehar horien onurara zuzenduta egon beharko lirateke; «birgizarteratzera» zuzenduta, alegia; onartezina dena espetxealdia hilketa batean amaitzea da.

Lotsagarriena zera da, Espetxe Erakundeek kasu honen aurrean (beste askotan egin ohi duten bezala) erakusten duten jarrera, burlatzat ere har litekeena. Burla egin eta ofenditu egin gaituzte, buru-hiltze baten aurrean ez gaudela esan eta hilketa hau «ebakuntza-mahaiaren» gainean izan dela adierazi dutenean.

Kartzelan bere buruaz beste egin duen presoak, bat-bateko gaixotasun psikosomatikoa duenak, gaixotasun luze sendaezina izan baina kartzelaz kanpo kondena betetzen utzi ez diotenak -bai bere delituek sortu zuten gizarte-alarmagatik, bai arrazoi politikoengatik edo, besterik gabe, egoki ikusi ez duelako Tratamendu Batzordeak edota unean uneko Espetxeetako Zainketa Epaileak- edo kartzela barruan gertatzen den beste edozein heriotzak egungo errealitate gordina argi eta garbi erakusten digu: ez dugu gizatasunezko kartzela araubiderik, baizik eta -aitortu ez arren- heriotza zigorra gauzatzen duen bat.

(*) Ondoko hauek ere sinatzen dute: Libertad Frances, Jon Igartua, Blanca Garcia de Eulate, Manuel Ledesma, June San Millan, Maite Virto, Iranzu Baltasar eta Ruth Martinez

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo