GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Sentitu, pentsatu, EGIN!!!

Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia

Vuelta honetako hirugarren astebukaerara iristearekin batera, lasterketako etapa gogorrenak iritsi dira. Eta dagoeneko, gorputzean dezenteko nekea dugun arren, esan daiteke benetako lasterketa gaur [atzo] hasi dela.

Azken orduko aldaketarik ez bada, badirudi Froome, Valverde, Purito eta Contadorren artean egongo dela Vuelta honetako irabazlea. Hala, lau oilarrok garaipenaren eta podiumeko postuen pastela banatzen duten bitartean, besteok geratzen diren mamurtxoak jatea dugu helburu.

Hamalau etapa eta kilometro mordoxka gainean ditugularik, hankako mina latza izan ohi da etapako lehen kilometroetatik. Horregatik denok horren nekatuta gaudenean, norbere indarraz gain, izaerak eta motibazioak ere izugarrizko garrantzia dute. Gure taldeko zuzendarietako batek, Luca Guercilena italiarrak, etapa pare bat dela motibazio bideo bat bidali zidan etaparen aurretik. Bideoa ikusi, eta, beraiek esaten duten moduan, a tutta irten nintzen. Luca, zuzendari ona izateaz gain, motibatzaile bikaina da. Bidali zidan bideoan, amerikar futboleko jokalari bat azaltzen da; begien gainean zapi bat jarri eta bere mugak ikusten ez dituenean, taldekide bat bere gainean hartzen du eta laguna inoiz pentsatuko ez lukeen lekuraino garraiatzeko gai da. Entrenatzaileak, uluka, «eman gehiago, aurrera, eman zure bihotza!!» oihukatzen dio, eta mutilak inoizko markarik onena jartzen du. Bideo horrekin Lucak batzuetan gure mugak guk jartzen ditugula erakutsi nahi zidan, eta, sarri, behin muga horiek ezabatuta, geu ere sinesteko gai ez garen punturaino iritsi ahal direla gure ezaugarri eta bertuteak.

Horretxegatik, sekulako hankako mina edukiagatik behin eta berriz erasoetara irteten ari nintzela, neure buruari honakoa esaten nion: «Eman gehiago, eman gehiago...». Baina, gaur [atzo], nahiz eta topera irten naizen ihesaldiaren bila, ez naiz bideoa ikusi duen bakarra. Goizean, Ametsi bideoa bidali diot, eta mezu bat bidali dit bueltan: «Hi Irizar, oilo ipurdixa ipini jatek. Jota motibauta najak!!». Eta, gero, irteeran, honakoa esaten zidan: «Badakik zer? Jota eskapadara fango nakela....».

Horretxegatik, berez haurrei zuzenduta izan arren, nagusiek ere erabili beharko genuen Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen mezua: bihotza, burua, eta kasu honetan hankak... sentitu, pentsatu eta EGIN!!!!!!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo