GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

MIKEL MARISKAL Mari Carmen-en familiaren izenean

Alardea: isiltasuna ez da bidea

Hilaren 8an urtea bete zen gure amak tiroa jaso zuela Alardearen ospakizunean. Koman erori eta handik bi egunetara galdu genuen. Egun horretantxe gertatukoari buruz gogoeta sakona egitea eskatu genien herriko agin- tariei zein Alardeko buruei; ulertezintasun, babesgabetasun eta bihozminez beteriko urtearen ondoren, berriro jaiak hemen direla eta, deiren bat edo beste jaso dugu azken egun hauetan.

Hilabeteetan diskrezio osoz eraman dugun sufrimenduak gaurkoan hitza eskatzen du: bidezkoa dela deritzogu herritarrei oinarrizko zenbait datu helaraztea, bide batez, hainbat zurrumurru faltsu behingoz amaitzeko esperantzan. Anitzak izan dira arduragabekeriak eta nabarmena utzikeria Alarde propioaren arautegia betearazterakoan:

1. Alardearen goizeko ibilbidean tiro solte ugari egin ziren. Jokabide deitoragarri hau grabatuta dago, baita ere herritar eta ikusleen gaitzestea, bereziki, Portuko kaleetan non makina bat tiro bota ziren.

2. Gure ama jotzen duen tiroa Zuloaga kalea eta Bernat Etxepare kalearen bitartean segidan egiten diren tiro ugarien arteko bat da, grabatutako irudiek argi erakusten dutenez. Zergatik utzi zitzaien soldadu hauei Alardeak arautzen duen lekuetatik kanpo behin eta berriro tiro egiten?

3. Telebistako kamerek grabatzeaz gain, asko dira gertakariaren lekuko, Alardea ikusten ari zirenak eta pareko balkoietako auzokideak ere, azken hauek argiki deskribatu zuten gertatutakoa. Izan ere, larrialdi zerbitzuek segituan jaso zituzten dei ugari.

4. Alardeak bere horretan jarraitu zuen, familiak berak geldiarazi zuen arte erizainak eta esku-ohea bestaldeko espaloian zegoen anbulantziara heltzeko pasa zitezen. UVI mugikor bat eskatu behar izan zen Donostiara. Anbulantzia aldaketa Amuteko autobus geltokian eman zen, hots, herriaren beste muturrean, hara iristeko kontrako bidea hartuaz, hau da, hondartza/Arrokaranzko bidea. Ba al dago Donostiako Erresidentziarako trasladoan galdu zen hainbesteko denbora justifikatzerik?

5. Hilaren 8an bertan, salaketa bat jartzera joan ginenean, astelehenera igorri gintuzten. Halaber, hurrengo goizean Ertzaintzari gurasoen etxera patruila bat bidal zezan eskatu zitzaion, eguzkiaren eta haizearen eraginez ebidentziak ezabatzen ari baitziren. Ezezkoa jaso genuen. Gestio anitzen ondoren, arratsaldez gurasoen etxera patruila bat etorri zen. Ertzaintzaren begizko ikuskapenak ez zuen gertatutakoaren aurrean zalantzarako izpirik uzten. Ospitalean ez zen inor ere agertu gure amaren osasunari buruz inolako interesa edo ardurarik azalduz. Behin zendu zela, Ertzaintzaren patruila bat baino ez zen bertan agertu.

Epaileari dagokio ardurak eta utzikeriak zehaztea, hori ez da gure xedea; bai, ordea, tamalezko gertakaria nola izan zen adieraztea eta amaren heriotzaren harira esan diren faltsukeriak gezurtatzea.

Zinez eskerrak eman nahi dizkiegu saminezko urte zail honetan euren ulermena eta babesa agertu diguten herritar guztiei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo