GARA > Idatzia > Kirolak

Udazkeneko edo udako surferoak

26 urte surf egiten, Eroskiko txankletak daramatzagu, gutxi bada ere geure kabuz pentsatzen saiatzen gara, eta batez ere, olatuak daudenean egiten dugu surf. Ez dugu surfero profilik.

Egungo surferoak, udazkena datorrelako pozik egon beharrean, trsite daude uda amaitu delako. Aurrerantzean beraz, txurferoa ote naizen galdegiten didanari zera erantzungo diot: «Neguan bakarrik»

Surflari Ernegatua

Askotan galdetzen dit jendeak: «zu txurferoa zara, ezta?», eta nik baietz erantzuten dut. Galdera egiteko moduan adarra jo nahi edo gauzak aurpegira esan ohi dituenaren planta egin nahi duen norbait dudala pentsatzen dut, baina aurrez galdua dudan eztabaida bat denez, baiezko apal bat ematera mugatzen naiz.

Irratian, surf eskolan edo aurkeztu berri didaten norbaiten ahotan, behin eta berriz entzun behar izaten dugu surflariok pijoak garela. Eta agian egia da, baina etsairik ez duen norbaiten ahotik halakoak aditzea, gutxienez susmagarria da. Etsairik ez izatea eta inoiz egiarik ez esatea gauza bera baita. Horra, bertsolari gehienak hain jatorrak izatearen arrazoi funtsezkoa.

Ez noa nire betiko tesia aurkeztera. Alegia, Kaotiko kamisetarekin, tabernaz taberna dabilen eta Himalaia igotzeko arropa daraman sasi punkiaren berezko izaera agerian uztera. Gainera, gogor eta narras itxura eman nahian ibiltzen direnak askoz ere pijoagoak direla esatea ez da uste edo iritzi bat. Datu enpirikoa da, guztiz objektiboa eta begi bistakoa.

Pasa den astean surflarientzako festa batean izan nintzen lagunekin, eta han surferoak ez ziren bakarretakoak geu ginela ohartu nintzen. Normala da, 26 urte bakarrik daramatzagu surf egiten, txikotak eta neoprenoak erreziklatzen ditugu, Eroskiko txankletak daramatzagu, gutxi bada ere gure kabuz pentsatzen saiatzen gara, eta batez ere, olatuak daudenean egiten dugu surf. Beraz, ez, ez dugu egungo surferoek duten profila betetzen. Ez gara «txurferoak».

Galtzak belaunetan, kantzontziloak almorranak goiti, ukalondoak estaltzen dituen kamiseta eta bisera albo batera zeraman morroi bat hurbildu zitzaidan. Benetako surfero bat. Noizbait urautsian ikusi ninduela eta hitz egiten hasi zen. Lehenik bere masailezurrarekin egin nuen topo. Eztarrian irentsi ezinean zeraman bola mikatza usain nezakeen, eta apurtutako arropa garestia erosten baino, kalitate hobeko drogetan dirua xahutuko balu, agian gibelak eskertuko liokeela pentsatu nuen; baina inori aholkurik emateko moduan ez naizenez, isildu eta haren txapa entzuten jarraitu nuen.

Uda amaitu zela eta hura azken festa zela esan zidan. Nik zera ulertu nuen, uda amaitu zelako festan ari zirela. Izan ere, udaren amaierak udazkenaren etorrera esan nahi du, alegia itsaski sendoak, hego haizea, olatu handiak, surf egiteko baldintza bikainak. Geroago konturatu nintzen ordea, oker nengoela, ez zuten udazkenaren etorrera ospatzen. Ez ditut egungo surferoak ulertzen, udazkena datorrela-eta kontent egon beharrean, triste daude uda amaitu delako.

Aurrerantzean, «txurferra» naizen galdetzen didanari, zera erantzungo diot, «bai, baina udazken eta neguan bakarrik».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo