Bulebarreko estropada urdinean, presoen eskubideen aldeko aldarriak irabazi du
Kaikuren garaipenarekin Donostiako kaia berdez tindatzen zen bitartean, Bulebarrean Herriraren kolore urdina nagusitu zen. Ehunka lagunek, aurreikusitako lau traineruak bakarrik ez, bosgarrena eta seigarrena ere osatu zituzten. Eta umore onez, euskal pilota eskuz esku pasatuz, espetxea eraitsi zuten.
Maider IANTZI
Estropaden bigarren igandean ez zen Kontxakoa izan Donostian jokatu zen bandera bakarra; bertze bat ere izan zen, urdin kolorekoa, elkartasunaren eta giza eskubideen aldeko aldarriarena. Herrira mugimenduak eta lagun izan zituen ehunka herritarrek arraun egin zuten Azken Ziaboga ekimenean, Euskal Herria konponbidera eta bakera eramateko. Bozeramaileek azaldu zutenez, giza eskubide guztien errespetua oinarrian izanen duen agertoki horretara ailegatzeko, lehentasunezkoa da sufrimendua baino eragiten ez duen errealitate bat behingoz amaitzea: «Gaurko kartzela politika aldatzeko unea iritsi da».
Donostiako itsasoa dantzan jarri zuten traineruak gelditu orduko, eta portuan, Urgullen, Igeldon, irlan eta Paseo Berrian jai giroa handitzen zihoan bitartean, Bulebarreko errepidean bertze lau traineru osatu zituzten herritarrek. Horia, berdea, zuria eta morea nahasi ziren, baina kolore bat gailentzen zen, kamiseta eta globo urdinena. «Arratsalde on!», agurtu zituen Herrirako ordezkari batek bildutakoak. Eta «Eeeeeeee», egin zuten oihu errepidean jarritakoek. «Arraunera, ikusleak!», deitzen zieten bi aldeetan espaloietatik begira-begira zituzten lagunei.
Elkarrekin indar eginez...
Berehala hasi ziren «Euskal presoak, kalera! Amnistia osoa!» garrasika. Hori izanen zen ekimenean gehien errepikatuko zuten aldarrikapena. Kantari, txaloka, irrintzika ari ziren. Nabari zen umoreko zeudela, besta giroan sartuta.
Iosu Uribetxebarria eta gainerako gaixo larriak etxera ekartzeko eskarien artean, ilarak luzatzen joan ziren. «Eseri, eseri! Badago-eta bosgarren traineru bat egiteko jendea!», animatzen zuten. Eta ez lau eta ez bost, sei ilara osatu zituzten azkenean, irudi ederra margotuz Bulebarrean eta kolore gehiago emanez jaiari.
Kirola, aldarria eta besta elkartu zituen ekimen honetan, elkartutakoen indarrak bat egiten zuenean nola handitzen zen igartzen zen, goizean itsasoan bezala, batzuetan ontziek motorra zutela baitzirudien. Halako zerbait gertatu zen Azken Ziabogan ere, eta euskal pilotak lehen ilaran kokatu, martxa hartu eta gelditu gabe, eskuz esku zihoazen azkeneraino. «Batera egin behar dugu, herri bat gara-eta», aldarrikatuz animatzen zuten patroiek.
... Espetxea lurrera
Txalo, kantu eta irribarre artean pilotak ilaretako azken lagunengana iritsi ziren segituan, eta hauek hartu eta korrika joan ziren aitzinera, patroiak aginduak ematen ari ziren lekura. Kartoiz egindako espetxe bat zegoen han, espainiar eta frantziar ikurrekin, eta pilotekin horman joz, kartzela bota zuten.
Orduan, globo urdin pila bat igo ziren zerura, eta taula bat agertu zen. Bertan, emakume talde bat zegoen. Txandaka irrintzi desberdinak eginez, giroa gori-gori jarri zuten hauek. Eta, ezustean, Jon Maiaren segidilla: «(...) Egin degu estropada/ gure herriaren taupada/ esperantzen gorakada/ iritsi da txalokada/ globoak zerurantza/ hor dugu esperantza/ traineruen balantza/ desagertu da antza/ ta boga eta boga/ goazen denok itsasora/ gure mugatik kanpora/ han e zerbait izango da/ eta gero txaloka/ eskuak elkar joka/ goazen pixkat azkarrago/ denbora gurekin dago/ benga pixka bat gehiago (...)».
Dantzariek txistuaren erritmora dantzatu eta Esne Beltzako Xabi Solanok «Bozgorailuetatik» kanta ezaguna eskaini zuen: «Bidea gu gara ta haiek bidean daude, gurekin behar ditugu!». Jarraian, Herrirako kideek hartu zuten hitza, eta erran zuten lehendabiziko gauza bertan bizi eta sentitu zutena kartzela guztietara eramanen zutela izan zen.
Urteetan euskal jendarteak itsaso zakarrari aurre egin behar izan diola oroitu zuten; enbatari, kontra jotzen zuen haizeari. «Olatu bortitzen ura euskal jendartearen traineruan sartu zen norabidea erraztu ezinik. Baina, guztion ekarpenarekin, egoera irauli eta eguzki izpiak zabaldu dira Euskal Herrian».
Lehenengo paladak
Gaur egun indarrean den espetxe politika aldatzeko tenorea dela eta haren oroitzapenak mamu beltz bat soilik izan behar duela nabarmendu zuten. Eri dauden presoak askatu behar direla agertu zuten, 197/2006 doktrina -berriki Europako Giza Eskubideen Auzitegiak baztertu duena- bertan behera utzi, eta «behingoz» sakabanaketa bukatu. Erran zutenez, hau erruleta errusiar bat bezalakoa da eta astebururo arriskuan jartzen du milaka herritarren bizia.
Aipatutakoak aurreneko urratsak izanen lirateke Herrira ekimeneko lagunentzat, lehendabiziko paladak. Azken ziabogara ailegatzeko eta konponbiderako, normalizaziorako eta bakerako bideari aurre egiteko gakoak. «Helmuga horretan giza eskubide guztiak errespetatuko lirateke eta pertsona preso edo errefuxiaturik gabeko agertoki bat sortuko litzateke». Izan ere, beren iritziz, espetxe politikaren erlojuaren orratzek sufrimendua, samina eta giza eskubideen urraketa bertzerik ez dute markatzen.
«Ondorioak larriak dira, pertsonenganako mendekuaz ari baikara. Baina areago, kartzela politika honen bidez gatazkaren kiribiletik ateratzea eta soluzioen bidean murgiltzea da galarazi nahi dena». Azaldu zutenez, iraganera itzularaztea da nahi dutena eta hala ari dira egiten Iosu Uribetxebarriarekin.
«Ezin dugu onartu gatazka honek sufrimendu eta heriotza gehiago eragin dezan. Denon aldetik giza eskubideekin irmoki konprometitzeko eta denon artean konponbidea jorratzeko garaiak dira, eta ez arerioa menperatzeko politiken garaiak».
Estrasburgora
Herrira mugimenduko bozeramaileek ohartarazi zutenez, espainiar Gobernuak indarrean duen kartzela politikak ez du lekurik Europan, eta horixe da Estrasburgora eramanen duten mezua. Aste honetan bidaiatuko dute hara, Europako ordezkari politiko eta instituzionalei hemengo berri zuzena emateko. «Euskal presoen egoerak ezin du horrela jarraitu. Espainiak behar duena esku hartze demokratiko bat da».
Estrasburgoko bidaiaz gain, larunbat honetarako mobilizazioak prestatzen ari dira hainbat hiri eta herritan, espainiar Estatuan ilegalki ezartzen den bizi osorako doktrina eteteko eta gaixorik diren presoak libre uzteko exijitzeko. Atzo, 35 lagun bidu ziren Otxandion, presoen eskubideen alde, eta 28 Zaldibian, eta joan den larunbatean, 25 Noainen, 250 Arrasaten eta 43 Zaldibian.
Donostiako Bulebarreko ekimen koloretsuan itxaropenez bukatu zuten hitzaldia: «Ez izan dudarik, guztion artean azken ziabogari ekin eta gure helburuak erdiestea lortuko dugu!».
Jon Maiak ere baikor kantatu zuen segidilla, txaloz laguntzen zion publikoarekin indarra handituz: «Hor bota dugu kartzela/ beti zutik zegoela/ elkartu gara tropela/ eta guk beti bezela/ aurrera egiten degu/ ta lortu dezakegu/ nahi ditugu eskubideak/ zureak eta nireak/ kaleak dira bideak/ jendea adibideak/ pixka bat mantsoago/ segi behar da luzaro/ luzea da estropada/ baina animatzen gara/ herri hau doa aurrera/ trainerua ta trainera/ arraunean denok batera/ noizbait iritsiko gera/ presoak herrirako/ guk nahi ditugulako/ hori horrela delako/ kolore gorri-urdina/ berdea ere berdina/ zer degun dugu jakina/ hemen da gure bihotza/ ez Espainiako morrontza/ ez frantziar lege hotza/ aterako dugu hortza (...) herri hau zerbitzatu/ eta denak askatu/ bagoaz ta aurrera/ hau ez da bukaera/ benga denok lanera/ eta denok batera/ ailegatuko gera/ goazean hau da bandera». Eta txaloka lehertu zen jendea.