GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

CFA

Avironek porrotik ezagutu gabe jarraitzen du, nahiz eta ongi ez jokatu

AVIRON 0
TARBES 0

Jon LEUNDA

Avironek denboraldi honetan partidarik galdu gabe jarraitzen du. Bost jardunaldi jokatu dira, eta sailkapeneko aurrealdean dago, baina irabazi ere bakarra egin du, lehenengoa, hortik aurrerako guztiak berdindu egin ditu.

Tarbesen aurkako norgehiagoka oso txarra izan zen. Bi taldeek ez zuten ezer handirik egin, nahiz eta aurkariek izan zuten aukerarik garbiena. Laugarren minutuan penalti bat adierazi zuen epaileak kanpotarren alde, baina Ximun Duhourek geratu egin zuen. Seguretek jaurti zuen penaltia. Aurtengo denboraldian bi penalti izan ditu aurka Baionako taldeak, eta biak geratu ditu Kanboko atezainak.

Hortik aurrera ere, kanpotarrenak izan ziren aukerarik onenak, baina Ximunek beste bi geldialdi bikain egin zituen, eta markagailuak mugitu gabe eutsi egin zion.

Etxekoen aukerarik garbiena atsedenera joatear zirela iritsi zen, baina Lalanen jaurtiketa kanpora joan zen langa jo eta gero. Bigarren zatian, berriz, gauzak okerrera egin zuen. Bi taldeek ia ez zuten aukerarik egin. Baloia alde batetik bestera ibili zen, baina atearen aurrean oso makal eta motel ibili ziren bi taldeak, eta horrela ezinezkoa da markagailua mugitzea, eta horrela izan zen, markagailua ez baitzen batere mugitu partida osoan.

Hala ere, luzapeneko denboran Avironek gertu izan zuen garaipena, baina Diabyren errematea langara joan zen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo