GARA > Idatzia > Euskal Herria

Xabier Isasi: «Soluzioak ekarriko ditu EH Bilduk»

EH Bilduk Gipuzkoako zerrendak aurkeztu zituen atzo Donostian eta Xabier Isasi zerrendaburuak honakoa nabarmendu zuen: «Ahaleginak eta bost egingo ditugu guztion artean elkarrizketa emankorrak lortzeko. Soluzioak ekarriko ditugu». Bai arlo politikoan bai eta ekonomikoan ere.

p015_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Herrialdeka, hauteskunde zerrendak aurkezten ari da EH Bildu. Bizkaian egin zuen astelehenean, Gipuzkoan atzo eta Araban bihar. Donostian eginiko agerraldian Xabier Isasi zerrendaburuak eta Rebeka Uberak -laugarrenak- hartu zuten hitza. Batak zein besteak nabarmendu zuten Laura Mintegi lehendakarigai duen koalizioa «alternatiba bakarra» dela, baita EH Bilduk «soluzioak ekarriko» dituela ere. Ekitaldian, hautagaiekin batera, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Helena Franco Ogasun diputatua egon ziren.

Egoera ekonomikoaren auziari gogoz heldu zion Xabier Isasik bere hitzaldian. Eta Gipuzkoan egiten ari diren politikek bidea markatzen dutela ziurtatu zuen: «Hemen, inon bada, agerian geratu da aldaketarako alternatiba bakarra EH Bildu dela, gainontzeko indarrek proiektu bera baitaukate: gauzek bere horretan jarraitzea. EAJren, PPren eta PSEren, hiru indar horien kudeaketa ereduak porrot egin du, azken urteotako kudeaketa eredu horren emaitza baita sufritzen ari garen krisi ekonomikoa. Egitura erraldoien eraikuntza da kudeaketa horren oinarria; diru xahuketa izugarria eta zorpetze itzela, alegia», erantsi zuen.

Rebeka Uberak, bere aldetik, harridura agertu zuen bezperan Bizkaiko ahaldun nagusia den Jose Luis Bilbaok (EAJ) iragarri zuen zerga aldaketekin. «Antza, `ezkerreko hankarekin' jaiki zen eta bat-batean esan zuen gehien dutenek ekarpen handiagoa egin behar diotela guztion kutxa den Ogasunari. Orain arte, aldiz, guztiz kontrakoa egin du bera parte den alderdi jeltzaleak, bai eta gure lurraldean ere. Baina Martin Garitanok eta Helena Francok egin egiten dute, urtebetean», aipatu zuen.

«Euskararen herrialdea»

Isasik «krisiaren aitzakian» Estatutik murrizketa ugari ezarri direla ekarri zuen gogora, bai eta «honek krisia areagotu besterik ez duela egiten». Ondorioz, «burujabetasuna behar dugu», esan zuen: «Hori da soluzioa». Ildo beretik, Katalunian, Eskozian, Quebecen edota Groenlandian gertatzen ari denaz ohartarazi zuen Uberak, eta «Espainia banaezinaren zutabeak gero eta ahulagoak direla» ondorioztatu zuen: «Urriaren 21ean beste susto handi bat hartuko dute».

Hizkuntza normalizazioan ere soluzioa EH Bilduk eskaintzen duela aipatu zuen arlo honetan lan eskerga egina duen Xabier Isasik: «Arantzazutik abiatu zen euskararen estandarizazioa orain dela ia 45 urte; orain Gipuzkoa osoari dagokio erakustea euskara hizkuntza bizia dela, normaltasun osoz euskaraz bizi eta lan egin daitekeela. Asaba zaharren hizkuntza biziberritzeko soluzioa gure eskuetan dago, Gipuzkoan».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo