Itxiko dute Garoña, baina hobeto berehala ixtea
Azkenean gauza ziurra da Santa Maria de Garoñako zentral nuklearrak, CSNk ixteko txosten teknikoak eskatu ondoren, bere ibilbide arriskutsuari amaiera emango diola. Haren jabe Nuclenor eta Gobernu espainiarra gorabehera. Gehienez, hamar hilabete barru itxi beharko dute, baina Garoñaren ibilbidea eta beste zentral batzuetan, Fukushimakoan bereziki, gertatutakoak ikusita, berehala ixtea izango litzateke zentzuzkoena. Izan ere, behin eta berriz salatutako segurtasun neurrien gabezia dela-eta dirutza inbertitu beharrak eragin du azkenean enpresaren erabakia. Hartara, Euskal Herriaren ondo-ondoan dagoen zentralak dakarren arriskuaz ohartarazi eta haren kontra urteetako mobilizazioak egin dituztenek badute zer ospatua, atzo Araba sin Garoña ekimeneko kideek zioten moduan. Azkenean, Garoña itxiko dute, enpresa eta bakan batzuen interesen esanetara dagoen Gobernua nabarmen geldituta. Itxierak, bestalde, agerian utzi du energia eredua aldatu beharra. Ez dago zertan horrelako arriskuen menpe egon beharrik, are gutxiago energia nuklearra ezinbestekoa ez denean, batzuek sinetsarazi nahi duten bezala; aitzitik, administrazioaren sostengurik izan ezean, ez da bideragarria. Energia nuklearrak eragindako hondamenak zentzugabekeriaren erakusle dramatikoa dira eta, Greenpeacek dioen bezala, Garoña energia horren porrotaren sinbolo da.