GARA > Idatzia > Kultura

Danele Sarriugarteren «Mamuak» eleberri proiektuak irabazi du aurtengo Igartza saria

Harreman luze batetik atera berri den eta obsesioz beteta bizi den emakume gazte baten gogoetak bilduko ditu 2014. urteko hasieran argitaratuko den liburuak. Momentuz, lagina besterik ez dago idatzita.

p043_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Danele Sarriugarte elgoibartarrak irabazi du Igartza sariaren XV. edizioa. Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak sustatuta, idazle berriei bultzada emateko laguntza bezala banatzen den saria da honakoa.

Sarriugarte urduri samar agertu zen prentsari bere proiektua azaltzerakoan, baina «oso pozik eta lanari ekiteko gogo handiz» zegoela adierazi zuen. Bere eleberri proiektuak «Mamuak» du izena eta emakume batek dituen uste eta obsesio guztiei egiten die erreferentzia izenburuak. Momentuz izenik ez duen 26 eta 30 urte bitarteko emakume batek bi urteko harreman bat izango du lagun batek aurkeztutako mutil batekin, eta denbora horren ostean bien arteko harremana amaitu egingo da. Harremana protagonistak inoiz izandako luzeena da eta lur jota geratuko da. Arazo horren analisia egingo du orduan, inguruan dituen bikoteei begira eta sentitzen duen gauza bakoitza obsesiboki aztertuz. «Gainontzekoentzat, agian, ez da hainbesterako izango, baina neskarentzat gauza horiek oso garrantzitsuak dira», azaldu zuen.

Sarriugartek eleberriaren lehen hogei orrialdeak besterik ez zituen aurkeztu lehiaketara, baina nahikoak izan ziren Uxue Alberdi, Igor Estankona eta Xabier Etxeberria epaimahaiko kideak konbentzitzeko. Igartza sariari esker 6.000 euroko diru laguntza jasoko du idazten ari den bitartean lasaiago aritzeko eta, amaieran entregatuko duen eleberrian lehen pasartearen maila berbera mantenduz gero, lana argitaratuko den segurtasuna ere badu.

Idazle gazteen babesle

Saridunak 23 urte besterik ez ditu eta itzulpengintzan lizentziatua da, oraingoz itzulpengintzan aritzeko aukera handirik izan ez duen arren. Literaturan ere ez da gehiegi aritu oraingoz, bai ordea martxoan lagun batekin martxan jarri zuen blogean.

Kontatu zuenez, iaz denbora libre dezente izan zuen eta asko idazten zuen Elearazi.org webguneko blogean. Hori horrela, denbora librea eleberri bateko lehen pasartea idazteko baliatzea otu zitzaion; Igartza lehiaketan parte hartzeko epea amaitzen zen egunean bertan entregatu zuen egindakoa.

Aurten master bat ikasteko intentzioa zuen, baina, eleberria idazteko aukera eman diotenez, datorren urterako utziko du, bete-betean idazteari ekiteko. «Saria irabazi ez banu denbora asko pasako litzateke zerbait argitaratu arte, ez nukeelako idazteko denborarik izango. Orain, diru laguntzarekin, badut koltxoi bat, eta, gainera, lana argitaratua izango den konpromisoak animoak ematen dizkit».

Momentuz badaki nondik nora joango diren eleberriaren hurrengo hogei orrialdeak, baina ez daki gero zer gertatuko den. Luzera ere ez du zehaztuta: «Borobila dela iruditzen zaidanean amaitutzat emango dut. Ez dakit luzea edo motza aterako zaidan. Gainera, kostatu egiten zait ordenagailuan idatzitakoak zenbat okupatzen duen kalkulatzea».

Sarriugartek, aurretik saria irabazitako gainontzeko idazleek bezala, gutxi gorabehera urte eta erdiren bueltan izango du eskuartean bere lehen liburua. Iazko irabazle Goiatz Lanbandibarrek datorren urtearen hasieran argitaratuko du «Interrail» eleberria, eta Garazi Kamio 2010eko irabazleak dendetan du jada «Beste norbaiten zapatak» lana.

ITZULTZAILEA

«Mamuak» Sarriugarteren lehen eleberria izango da. Itzultzailea da ikasketaz, eta itzulpengintzari buruzko Elearazi.org webgunea kudeatzen du lagun batekin batera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo