GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Jauregi Kazetaria

Bederatzi hitz eta komatxo bat

Bederatzi hitzeko esaldi bat. Horra jatorrizko hizkuntzan, gaztelaniaz: «Aunque duela a veces, hay que aplicar la ley». Alegia, «batzuetan min egin arren, legea aplikatu behar da». Ez zen protagonistaren beraren ahotan entzuterik izan, zuzenean, baizik eta esaldiaren hartzaile izan zen pertsonaren ezpainetatik, minutu batzuetara-edo. AVTko presidentearen arabera, horixe esan baitzion Fernando Grande-Marlaskak Iosu Uribetxebarria baldintzapean aske uzteko erabakia argudiatzearren.

Eta pentsatu nahi dut horrela esan zuela Auzitegi Nazionaleko epaileak: hau da, komatxoa dagoen toki horretan egin zuela geldialdia Angeles Pedrazari zuzendu zitzaionean, une horretan bertan egin zuela etenalditxoa gizonak, hartu zuela arnasa esaldi motza bukatu baino lehen. Eta ez hitz pare bat lehenago: «Aunque duela, a veces hay que aplicar la ley». Aldatzen baita galanki kontua, baita euskaraz ere: «Batzuetan legea aplikatu behar da, min egin arren».

Alua izan baitaiteke komatxo bat dantzan hasten denean. Gertutik, oso estu, lotu beharreko ikurra. Adierazi nahi dugun hori, hizketan edo idatziz, iraultzeko gaitasuna duelako. Erabat ezberdina den esanahia emateko abilezia. Hain eskasa komatxoa itxuraz, hain boteretsua izatez.

Berriro diot: seguru koma hori behar zen lekuan erabili zuela atzo arte Espainia aldean estimatuen -gaur dagoeneko ez, hori du drama- izan duten epaileak. Edo gaizki pentsatu beharko genuke? Legeriak finkatzen dituen irizpideei batzuetan bakarrik -oraingoan, kasu- jarraitu diela esateko arrazoirik badago? Paraje hauetan utzi duen arrastoa luzea baita...

«Legearen inperiopean» bizi ei gara. Eta lurralde horretan epaileek egiten dute gora edo behera eskuko hatz lodiarekin. Kasu honetan, Uribetxebarriaren eta giza eskubideen onerako, goranzko bidea hartu du. Eta badakigu toga beltzekoari min egin diola, kasu honetan, lepotik gorako pilotak agindu diona (legea betetzea) egiteak. Baina hark ere baditu gerritik beherakoak, eta horiei ere jaramon egiten badakiela erakutsi izan du. Komatxoarekin ere hori gertatu ote zitzaion?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo