Euriak ez du altsasuarren festarako gogoa zapuztu
Udazken giroan hasi badira ere, Altsasuko jaiak umore onez abiatu dira. Astelehen gauerdian petardo sorta batek festei amaiera eman arte, gozatzeko aukerarik ez da faltako Sakanako herrian. Londresko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen Hodei Mazkiaran txirrindulariak piztu zuen atzo suziria. Bitartean, plazan, euriarekin nahiko ez zutenak, xanpaina jaurtitzen aritu ziren.
Martxelo DIAZ | ALTSASU
Udazken giroan hasi ziren atzo Altsasuko jaiak. Euria ia etengabe eta fresko. Ez zen eguraldirik hoberena jaiei ekiteko, baina altsasuarrek ez zuten eragozpenik izan oztopoei aurre egiteko. 2011n jaiotako haurrei harrera egin eta zapia ipintzeko ekitaldia, adibidez, udaletxe parean egitea aurreikusita zegoen, baina, erortzen ari zen euri jasa ikusita, Burunda pilotalekuan egitea erabaki zuten.
Erraldoiak atera behar zituztenak ere kezkatuta ziren txupinazoa pizteko ordu laurden eskas gelditzen zenean. Une horretako zaparradak ezinezkoa egiten zuen erraldoiekin kalera ateratzea, jiganteak hondatzeko arriskua agerikoa baitzen. Urte osoko lana ezerezean gelditzea pena itzela litzateke. Bihar ateratzeko aukera ere hor zegoen, baina txupinazoaren egunean kalera irten ezinda gelditzea latza litzateke. Azkenean, zorionez, euriak atseden txiki bat eman zuen eta erraldoiak Altsasuko karriketatik barrena ibili ziren haur eta helduen pozerako.
Hodei Mazkiaran olinpiar txirrindularia izan zen Altsasuko suziria piztu zuena. Londresko belodromoan ez bezala, atzo ez zuen arazorik izan bizikletaren eserlekuko torlojuarekin eta suziria ongi baino hobeto piztu zuen. «Altsasuarras, gora Altsasuko jaiak!» oihuarekin eman zien hasiera jaiei. Elizako ezkilen doinuek eguerdiko hamabiak puntuan zirela iragarri bezain laster piztu zuen Mazkiaranek suziria. Ordurako asko euriaren eraginez guztiz bustita baziren ere, xanpain botilak ireki eta inguruan zeuden guztiak are eta gehiago bustitzen aritu zenik ez zen falta izan. Izan ere, Altsasu, euripean ez ezik, festan ere erabat murgilduta zegoen dagoeneko; txarangen doinuek argi eta garbi uzten zuten.
Momotxorroak ere atera ziren atzo Altsasuko kaleetara, inauteriak oraindik ere urruti badaude ere. Udaletxeko teilatura igo eta «Festak herritik herriarentzat» leloa zuen pankarta eskegi zuten. Izan ere, Euskal Herrian krisiak larrien jo duen eskualdeetakoa da Sakana eta horrek ere eragina izan du Altsasuko jaien egitarauan. Arazo ekonomikoei jaien antolakuntzan herriko taldeen parte hartzea handituz erantzun diete, guztien laguntzarekin festak apartak izatea ziurtatu asmoz.
Ondoren, Altsasuko ereserkia kantatu zuen herriko abesbatzak plazan bildutakoen txalo zaparrada jasoz. Giro bikaina izan zuten plazan, baina, hori bai, jaien hasiera baino ez zen, oraindik ere egitarau zabala baitute herritarrek gozatzeko astelehen gauean Altsasuko jaiak amaitu bitartean.
Gaur, Gazte Eguna ospatuko dute. 11.30ean txikientzako parkea izango da Zumalakarregi plazan, kiner dantza ikuskizunarekin, gaztelu puzgarriekin, crazy bikes dibertigarrien zirkuituarekin, txikienentzako ludotekarekin eta bateo-kaiolarekin. Ordu laurden geroago, Zubeztia elkarteak hamaiketakoa eskainiko du herriko plazan, eta, eguerdian, azken ezkila-jotzea izanen da, segidan Luis Mari Lopezen omenez herri zortzikoa dantzatuko delarik. 13.15etik 14.30era bitartean, eguerdiko kontzertua ospatuko dute. Hain zuzen ere, Trasteando taldeak Altsasuko herri kantak eskainiko ditu Foruen plazan.
Arratsaldean berriz jarriko da martxan txikienentzako parkea Zumalakarregi plazan, eta peñek, kafea hartu ondoren, kalejira egingo dute. 18.00etan pilotari profesionalekin jaialdia izango da Burunda frontoian, eta, ordu berean, Peñen Arteko Olinpiar Jokoak hasiko dira Baratzokobidea plazan. 19.30ean buruhandiak eta bonba japoniarren jaurtiketa izango da Foruen plazan. 20.00etan Elegancia de Mexico mariachi taldearen emankizuna hasiko da Foruen plazan. 20.15ean, herriko plazan amaituko den peñen jaitsiera hasiko da. 21.30ean larrain dantza eta Altsasuko zortzikoa dantzatuko dituzte. 22.00etan zezensuzkoa abiatuko da eta gazte afaria hasiko da gaztetxean. Segidan, kalejira aterako da «mozkorgonetak» lagundurik. Gauerdian, kontzertua hasiko da Foruen plazan Paperos de Emaus eta Hesian taldeekin.
Bihar, Beteranoen Eguna
Bihar, berriz, Beteranoen Eguna izango dute Altsasun, 15.00etan bazkari herrikoia egingo dutelarik Foruen plazan. 18.00etan apar festari ekingo diote, eta, ordu erdi geroago, kuadrillen arteko lehiari.
Oraindik ere Altsasuko jaiez gozatzeko gogoz direnek igandea eta astelehena izango dituzte. Petardo sorta batek emango die amaiera jaiei astelehenean.