GARA > Idatzia > Kultura

Emakumeen matxinada dakar Zuloak taldeak bere filmaren soinu bandan

Datorren larunbatean estreinatuko du Fermin Muguruzak «Zuloak» dokumentala Donostiako Zinemaldian. Aurretik, prest dute dagoeneko pelikularen soinu bandaren zati garrantzitsuena: Zuloak taldearen kantuak biltzen dituen diskoa. Indarrez beteriko kantuak dira, «botak jantzi eta ipurdiak ostikatzera» joateko gonbitea egiten dutenak edo emakumeen erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dutenak. Euskal Herrian Riot Grrrl mugimendua berpizteko prest datoz.

p042_f01_97x164.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

«Matxinada berri baten proposamena da eta gazteengandik etortzea oso interesgarria da, azken urteotan oso proposamen gutxi egon direla iruditzen baitzait», aitortu zuen atzo Fermin Muguruzak, Zuloak taldearen diskoaren aurkezpenean -hobe esateko, prentsaurrekoaren ondoren, A-8 autobidean izandako bi istripuk errepidean harrapatuta izan baitzuten irundarra ia goiz osoan-. Riot Grrrl mugimendu horrek erakarri zuen Muguruza eta datorren larunbatean Zinemaldian estreinatuko den «Zuloak» filma osatzeari ekin zion. Baina aurretik, filmaren soinu bandaren zatirik garrantzitsuena osatzen duten Zuloak taldearen kantuak aurkeztu zituzten atzo Bilboko Kafe Antzokian -kantu instrumental batzuekin osatu du pelikula Muguruzak baina horiek ez daude disko honetan-.

Talka zigiluarekin kaleratu dute hamahiru kantu biltzen dituen diskoa; hamar estudioan grabatuak dira eta beste hiru abestiak Bilbon eta Gasteizen emandako zuzenekoetan jasoak. Tolosako Bonberenean grabatu dituzte eta Karlos Osinaga Txap eta Muguruza bera izan dituzte ekoizle lanetan.

Izaskun Muruagak eta Tania de Sousak jarri dituzte ahotsak, Ainhoa Unzuetak gitarra eta koroak eta Naiara Goikoetxeak jo du bateria. Gainera, Mai Bass izan dute baxu jotzaile bi kantutan eta Alba Burgos, berriz, kantuan.

Izan ere, ez da erraza Zuloak taldearen ibilbidea azaltzea. Arrate Rodriguezek izan zuen emakumez osatutako banda bat sortzeko ideia eta hasieratik aldaketa ugari jasan ditu taldeak, arrazoi batengatik edo besteagatik -iritzi kontrajarriak, amatasuna...-, taldea desegiteraino. Rodriguezek ikus-entzunezko material mordoa zuen gordeta, ordea, eta bere ahizpa Eiderri eman zion guztia, eta honek Fermini.

Pelikularen harira, desegin aurretik taldea osatzen zuen hirukotea berriro elkartu da eta filmaren aurkezpen moduan hainbat kontzertu eskainiko ditu datozen bi hilabeteotan. Ikusiko da jarraitzen duten ala ez, baina «printzipioz, taldeak muga eguna dauka», esan zuen Muguruzak.

Zinemaldiko aurkezpenaren ondotik, kontzertu bira bati ekingo dio Tania de Sousa, Ainhoa Unzueta eta Ursula Strong hirukoteak: irailaren 27an, Donostiako Le Bukowskin; irailaren 28an, Tolosako Bonberenean; urriaren 4an, Bilboko Kafe Antzokian; urriaren 5ean, Gasteizko Helldoradon; urriaren 6an, Iruñeko Akelarren; eta urriaren 7an, Andoainen, Kilometroak jaian. Ondoren kanpora irtengo dira, Madril eta Bartzelonara, eta Hondarribian, Zizur Txikian, Ourensen, Berlinen, Barakaldon, Mexikon, Arrasaten eta Ondarroan izango dira gero. Zenbait kontzertu zinema jaialdietan egingo dituzte, filmaren aurkezpenarekin batera.

Vulpes-en alabak?

80ko hamarkadaren hasieran jaiotako Vulpes taldea izan zen Riot Grrrl mugimenduaren aitzindaria Euskal Herrian eta geroztik hainbat adibide egon badira ere -OK Korral, Matraka, Jauko Barik...-, Muguruzaren arabera «hemen ez da errotu» mugimendu hori. «Ordutik halako emakume talderik ez da egon, horrelako letrekin, jorratzen dituzten gaiekin... eta mutur horrekin esateko `gu hemen gaude, eta adieraziko dugu nahi duguna nahi dugulako'. Abortuaren gaia, adibidez, oraindik ere transgresorea da zoritxarrez».

Sexua, drogak, erlijioaren aurkako hitzak eta, batez ere, emakumearen askatasuna dira jorratzen dituzten gaiak: «Jainkoa gizona, satan andrea, askatu emea, hartu boterea!».

«Arazo handia dugu taldeak ezagutarazteko»

Fermin Muguruzaren eskutik joatea sekulako pribilegioa dela aitortu zuten Zuloak taldeko neskek. Esperientzia badute beste zenbait taldetan, baina jendearengana iristea beste kontu bat da. «Beste talde batzuetatik datoz, eman dituzte kontzertu batzuk eta orain emango dituzte gehiago. Euskal Herrian badago eszena bat, oso-oso indartsua eta interesgarria, baina ezagutzen ez dena. Hori niri ere gertatu zait. Kontatu zidatenean zein taldetan aritu ziren, eta nik ere ez nituen ezagutzen. Talde pila bat daude jendearengana heldu ezin dutenak. Arazo handia daukagu taldeak ezagutarazteko, batez ere euskal taldeak», azaldu zuen Muguruzak.

Izaskun Muruaga Bermeoko Lights of Eden taldekoa da; Ainhoa Unzueta, Gernikako Itzalen taldekoa; Naiara Goikoetxea Hondarribiko Las Sfintters-ekoa; Tania de Sousa Las Putass del Mistol eta The Dispositives-en aritu da; azken horretan jotzen du baxua Maitane Maibassek ere; eta Las Culebras talde nafarrarekin aritu zen Ursula Strong. Diskoa ateratzea gaur egun «nahiko abentura suizida» dela aitortu zuen Muguruzak, baina, «eskola zaharrekoa» izanik, euskarri fisikoaren aldeko apustua egin dute lan honetan. A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo