GARA > Idatzia > Kultura

Arantzazuk euskaldun egin zuen Lucio Muñoz margolari madrildarra oroituz

Lucio Muñoz margolari madrildarra omendu zuten atzo Arantzazun bere lagun, senitarteko eta artistek. 50 urte bete dira bertako Basilika artista madrildarraren abside ederrak jantzi zuenetik.

p048_f02_250x152.jpg

Ez da Jorge Oteiza edo Eduardo Chillida bezain ezaguna baina Arantzazuko Basilikan bere lana izango da ziur asko ikusgarriena. Barrura sartu eta parez pare egiten dugu topo Lucio Muñozen (Madril, 1929-1998) abside bereziarekin. Ama Birjina inguratzen duen 600 metro koadroko pareta edertzen du artistaren lanak. 1998ko maiatzean zendu zen minbiziak jota, Madrilgo erkidegoko Biltzarreko areto nagusian ikusgai dagoen murala bukatu eta egun gutxira. «Ez zuen lana bukatu aurretik hiltzeko asmorik eta ez zen ospitalera ere joan, estudioan hil zen», kontatu zuen Jon Ulaziak Basilikako eskaileretan. Absidea gauzatzeko erabilitako aldamioen arduraduna izan zen Ulazia, fraide izandako garaian. Orain Alemanian bizi da, unibertsitateko irakasle aritu da bertan, eta atzoko egunerako espresuki etorri zen Arantzazura. 1962ko maiatza eta urria bitartean egunero elkarren ondoan aritu ziren lanean eta lagun min izan ziren gerora. «Ni Arantzazun euskaldun egin nintzen», aitortu zion behin margolariak.

Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur Fundazioak antolatutako omenaldi honekin bat eginik “Arantzazu” aldizkariak urteurrenaren harira Muñozi eskainitako monografiko berezian “Agurra” deituriko testua idatzi du Ulaziak, hain justu, hil aurretik Madrilera egin zion bisita gogoratuz. «Noiz pentsatzen duk bueltatzea?», galde egin omen zion Muñozek. Hura izan zen elkar ikusi zuten azken aldia.


Euskal Herriko eta estatu espainoleko 42 artistak aurkeztu zituzten 1962an absidea dekoratzeko euren proiektuak. Epaimahaikideek –horien artean Francisco Javier Saenz de Oiza, Basilika berria altxa zuten bi arkitektoetako bat– Muñozen lana aukeratu zuten eta 60.000 pezetako saria eman zioten. Arkitektoaren esanetan, «etenaldiaren eta barne-isiltasunaren maitale honek koadro bakoitzarekin zabalik dagoen leihoa irudikatzen dio berak asmatu duen natura artifizialaz eta inposibleaz nekatua dagoen ikusleari. Leiho horrek bere burua berriz ere aurkitzeko aukera ematen dio». Muñozek Ama Birjinaren irudia nabarmendu nahi zuen, txikia handi egin. «Horretarako ulertzeko errazak diren sinboloak erabili ditut, nahiz eta ez dudan kanon klasikoetan oinarrituriko ikuspegi figuratiboa islatu nahi izan. Narrazioa bigarren mailan utzi dut sinestuna ez distraitzeko eta haren kontzentrazio gaitasunean ez eragiteko. Ama Birjina sentitu bakarrik ez, ulertu ere egin dezan giro egokia sortu nahi izan dut», azaldu zuen artistak bere proiektuan.


Hiru gune bereizten dira zizelkatutako eta polikromatutako egurrezko mural honetan. Beheko aldea, ilunagoa, Arantzazuko eta Gipuzkoako «lurraren espiritua» jasotzen duena. Gorago, tonu urdinetan dekoratuta dago, Ama Birjinaren irudia agertzeak ekarri zuen miraria irudikatzeko asmoz. Tarte garaienean, tonu urdinak gune ilunekin nahasten dira, «Kristok dakarren egiaren garaipena irudikatuz».

 

Eskultore baino, margolari

Gaztetan Parisen egindako egonaldi baten ondoren hasi zen Lucio Muñoz bere lanean egurra erabiltzen. Antonio Lopez artistaren esanetan, bere obrekin borrokatu egiten omen zuen Muñozek eta mihisea ahulegia zen horretarako: «Mihisea ezin daiteke egurra bezala torturatu, eta hark beharrezkoa zuen barruan zeukan energia hori dena koadroan sartzea».

Hala ere, goizean Gandiaga Topagunean Antonio Lopez eta Julio Lopez Hernandez artistek eta Muñozen seme Rodrigok osatutako mahai-inguruan, bere «margolari» alderdia nabarmendu zuten denek. «Batez ere margolari handia izan zen, Mozart musikari handia izan zen bezalaxe», esan zuen Antonio Lopezek, Arte Ederren fakultatean ezagutu zuen adiskidea gogoratuz. «Lucio margolaria da, nahiz eta ez margotu, nahiz eta egurra erabili, hori da deigarriena».


Bere seme Rodrigok ere esan zuen, «egurra erabiliz kontatu dituenak ez dituela beste inork kontatu uste dut. Ez genekien egurra horren espresiboa izan zitekeenik».


Arantzazuk bizitza osorako  markatu zuen madrildarra, semeak ezagutzera eman zuenez. «Nahiz eta aita ez zen sinestuna, honakoa esan ohi zuen: ‘Baliteke Jainkoarengan ez sinestea, baina bai, ordea, Arantzazuko Ama Birjinarengan’».


Antonio Lopezek ere izaera hori azpimarratu zuen. «Naturari erreberentzia eginez zentzu erlijiosoa berreskuratzen du. Kosmosa sentitzen zuen gizaki primitiboa bezalakoa da. Natura sakralizatzen du eta hori oso gutxitan gertatu da Mendebaldeko gizartean».


Hitzaldiaren ondoren, Basilikan Miguel Angel Alonso arkitekto nafarrak absidearen irakurketa egin zuen, eta gogoratu zuen Muñozek behin adierazi ziola, «eskualde honetako naturak halako indarrarekin hitz egiten du, ezen nire arazorik gehienak konpondu dizkit».


Esteban Elizondok zenbait pieza eskaini zituen organoarekin, eta horren ondoren, bazkari ederrarekin ospatu zuten urteurrena. Omenaldia pintura lehiaketa batekin borobildu zuten, eta Arantzazura hurbildu ziren hainbat haur zein helduk parte hartu zuten bertan.

Ane ARRUTI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo