GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

HORMATZARRAK Espedizioa

«The Door», Baffin uharteko proposamen berri gogorra

Uztailaren lehenean, Ben Lepesant, Hansjorg Auer eta Eneko eta Iker Pou anaiek osatutako taldeak bide berria bukatu zuen. Perfection Valley-ko Belly Dorrean eginiko lanaren ondoren, 630 metroko eta 8b zailtasuneko proposamen gogorra aurkeztu dute. Marraren gakoa Ikerrek eta Auerrek kateatu zuten.

p046_f04_149x200.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Orain dela hilabete batzuk aipatu genizuen Venezuelako tepuyak edo paretak modan egon zirela; hots, eskalatzaile askoren agerraldia jaso zuten. Uda honetan, berriz, ezohiko mugimendua izan dutenak Kanadako uharte handienean, Baffinen, altxatzen diren hormatzarrak izan dira. Batzuk aurretik zabaldutako bideren bat edo beste era askean igotzera hurbildu ziren; beste batzuk, aldiz, hango paretak erakarrita, proposamen berriak egitera joan ziren.

Azken horietako talde bat Hansjorg Auer austriarrak zuzendu zuen. Espezialista horren asmoari Ben Lepesant luxenburgotarra eta Eneko eta Iker Pou anaia gasteiztarrak batu zitzaizkion. Auerrek ukitu gabeko haran batean dauden hormatzarrak izan zituen helburu: «Iazko udan Baffin inguruan bidaiatu nuen. Google Earth-ek pareta eder baten irudia eskaini zidan, eta hura aurkitzera abiatu nintzen. Irudiaren argazki-oinak `Perfection Valley' aipatzen zuen. Baffineko pareta handiek beti erakarri naute; azken urteotako ametsa izan dira; izan ere, munduan hormatzar gehien biltzen duen eremua da Baffin».

Perfection Valley ezezaguna da erabat. Inguru hartatik soilik zientzialariren bat edo beste izan da, baina eskalatzailerik edo alpinistarik ez. Bailara isolatu eta basatia da, eta uhartearen ekialdean dago: «Ingurumari hartan eskalada librea ez da ohikoa. Eta hori argitzeko hainbat azalpen emango ditut. Batzuetan arrokaren kalitatea ez da ona eta pareta asko ezin dira era askean igo. Kanpaleku nagusia antolatzea arazoa da. Tenperaturari dagokionez, ekaina eta uztaila hilabete onak dira, baina dendak izotzean altxatzea eragozten dizu. Hori dela eta, han bi hilabete pasa behar dituzu. Eta, azkenik, hormatzar asko eta asko erabat bustita daude».

Osagai horiek guztiak bizkar-zorroan sartuta, Lepesant, Auer eta Pou anaiak Baffin aldera abiatu ziren. 50 eguneko espedizioan oso emaitza borobila erdietsi zuten. Guztira, lau bide berri zabaldu zituzten. Horietako bat, «The Door» izarra bihurtu da. Laukoteak 630 metro berri zabaldu zituen, eta, oro har, lasai asko baiezta daiteke proposamen gogorra atera zaiela. Bai, zailtasunari begiratzen badiogu batez ere zortzi luze gogor eskalatu dituzte; gainera, bata bestearen atzetik. Zazpi luze zazpigarren gradukoak (7b eta 7c artekoak) eta beste bat 8b-koa. Hots, «The Door» bidearen gakoa.

Beste hiru marrak, berriz, askoz ere apalagoak izan dira: «Hotel Gina» (320 m, 6b+, White Hall), «Hotel Monica» (320 m, 6b+, White Hall) eta «Levi is comming» (420 m, 6b, Mt. Cook).

«The Door», izarra

Aipatu bezala, espediziokideek zabaldutako lau bideen artean «The Door» proposamen gogorrena izan da. Hasieratik eskalatzaileon helburua zen, eta dena alde ez bazuten ere, azkenean 16 luze berri egitea lortu zuten. Belly Dorrearen eki aurpegian ikusi zuten marrari ekin baino lehen, laukotea eguraldi gaiztoaren menpean egon zen. Guztira, 22 egun jarraian geldirik egon ziren; katu-oinak jartzeko ere aukerarik ez zuten izan. Eguraldi baldintzak baretu zirenean, martxan jarri ziren eta ekainaren bukaera eta uztailaren lehenaren artean 630 metroko bidea zabaldu zuten: «Eguraldiak eskalatzeko aukera eman zigunean, lau eguneko jardunaren ondoren, hamalau luze zabaldu genituen. Horietako bat `The Door', bidearen giltza izango zena. Uztailaren lehen egunarekin marra berria bukatu genuen. Uste dugu kalitate handiko luzeak eta zailtasunean oso iraunkorra den bide ona atera zaigula. Marra bukatu eta sei egunera, 7an, Ikerrek bidearen giltza askatzea erdietsi zuen hirugarren saioan. Egun batzuetara, berriz, Hansjorg-ek ere luze hori librean igotzea erdietsi zuen. Haientzat 8b gradua du».

Luze hori bidearen giltza izan zen, baina, berriro diogu beste zazpi luze zazpigarren gradukoak eskalatu zituztela; sei 8b horren aurretik eta beste bat giltzaren goitik zegoena. Zailtasunean, beraz, iraunkorra.

Protagonistek aurreratu duten bezala, «The Door» proposamen berria zabaltzen ari ziren bitartean eguraldi gaiztoa eta ona tartekatu ziren: «Lehenbiziko egunak gogorrak izan ziren oso. Hotza eta ekaitzak. Baldintza horietan eskalatzea ez zen batere erraza izan, baina oso motibatuta geunden. Adibidez, lehen bi luzeak igotzeko gorriak ikusi genituen. Haizeteen eta hotzaren eraginez, egoera gogorra zen oso. Eskalatzen ari ginela, atzamarrak ez genituen sentitzen. Alabaina, eguraldi eguzkitsuaz gozatzeko aukera izan genuen. Paretaren baldintzei dagokienez, bestalde, aipatu behar dugu tarte asko bustiak eta hezeak zeudela».

Zailtasun tekniko handienak gainditu ostean, espediziokideek beste 200 metro erraz igo behar izan zituzten. 16 luze eta tarte hori eginda, laukotea uztailaren lehenean, eguerdiko ordu batean, Belly Dorrearen gailurrean zen.

«The Door» bidearen lan nagusia, hots, bidea zabaltzea lortu zuten. 630 metro berri aurrean zuten, eta ibilbide guztian 3 beak, 5 iltze eta 27 parabolt geratu ziren. Baina oraindik erronka ez zegoen erabat borobilduta. Izan ere, bidearen gakoa, zortzigarren luzea, askatu gabe zegoen. Bai, marra berriak zabaltzea abiatu ziren Baffinera, baina asmo horrekin batera, jakina, hormatzar horietan ahal zen gehiena era librean eskalatzea.

Jakin bazekiten, giltza hori zaila izango zela. Luze oso teknikoa, eta aurreratu dugun bezala, taldeko bi eskalatzaile gogorrenek, Ikerrek eta Auerrek, askatzea lortu zuten. Aurrena gasteiztarra izan zen eta ondoren bere kide austriarra. Bientzat ala bientzat 8b da: «Luze hori gaindituta, uste dugu «The Door» dela Baffin uhartean dagoen biderik gogorrena eskalada askean».

bide berria

Ben Lepesant, Hansjorg Auer eta Eneko eta Iker Pou anaiek «The Door» bidea zabaldu dute Baffineko Perfection Valleyn.

gogorra

630 metro luze da, 16 luze ditu eta marraren giltzari 8b gradua eman diote. Ikerrek eta Auerrek askatzea erdietsi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo