GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

SURFA

Glisseguna 2012: Hamar urtez euskara bultzatzeko surf txapelketa antolatzen

Aurten hamar urte beteko dira Seaskako kideak euskara sustatzeko surf txapelketa bat antolatzen hasi zirela, eta berrikuntzak izango dira noski, baina protagonistak parte hartzaileak eta euskara izango dira. Izan ere, lehiatu bakarrik ez, euskaraz lehiatu behar da. Cristobal del Col Chicamako surflariak olatu berean 34 bira egitea lortu du.

p052_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Datorren irailaren 22an Glisseguna ospatuko da Angeluko Zaldunen hondartzan. Euskararen erabilera bultzatzeko Seaskak antolaturiko ekimen bikaina da. Iparraldeko eta Hegoaldeko surflariak batu, eta giro ezin hobean jarduteko aukera paregabea. Aurtengoa hamargarren edizioa izango da.

Bilakaera

2000. urtean egin zen inkesta soziolinguistiko baten emaitzen harira erabaki zuten Glisseguna antolatzea. Inkestaren arabera, Iparraldeko gazteek euskara antzinako hizkuntza bat bezala ikusten zuten, zaharkitua eta eguneroko behar komunikatiboei erantzuteko ezgai.

Gazteen euskararekiko ikuspegi ezkorrak arduratuta, guraso talde batek zerbait egin beharra zegoela erabaki zuen. Gazteei euskararekin eguneroko edozein arlotan jardun daitekeela erakutsi beharra zegoen, baita puntako kirolean ere. Horrela otu zitzaien Lapurdiko kostaldean oso hedatuta dagoen surfa tresna gisa hartu eta gazteak biltzeko egun bat antolatzea.

Lehen urteetan surfa bakarrik ikus zitekeen. Gerora, alokatutako skate arrapalak ere jartzen hasi ziren. Egun, egitaraua oso zabala da. Ekimena egiteko lekua ere aldatu egin da; Angeluko skate pistaren ondoan ospatzen da egun jaialdia, La Barre inguruan eta, bertan, surflariak, skaterrak, rollerrak, hawaiiar piraguan arraun egiten duten kideak, sorosle taulekin dabiltzanak, itsas jardueren berri ematen duten informazio guneak eta abar ikus daitezke.

Horrez gain, surf egiteko zailtasun fisikoak dituzten haurrak biltzen dituzte Hendaian, eta, ahalmen urriko haurrekin lan egiten duen elkarte baten eskutik, itsasoratzeko aukera eskaintzen diete. Angeluko olatuak indartsuegiak direnez, ekimena Hendaian egiten da, bertako hondartza askoz egokiagoa baita horrelako ikastaro bat egiteko.

Urtez urte indarra hartzen joan den ekimen hau egun soil batean burutzea zail da, ordea, eta aurten esaterako, hilabete osoan zehar antolatu dira ekimen desberdinak.

Festa nagusia eta surf txapelketa esaterako, ez dira egun berean egin, izan ere txapelketaren data aukeratzerako orduan kalitatea irizpide garrantzitsua da, eta beraz, itsasaldiak lagun izango diren asteburua aukeratu nahi izan dute antolatzaileek. Gainera, Euskal Herriko Federazioarekin harremanetan izan dira, egun berean bestelako beste txapelketarik egon ez dadin.

Beraz, pasa de asteburuan lerra kirolekin lotutako ekimen ugari egin dituzte antolatzaileek. Hala nola Uhaina surf eskolak eskainitako surf ikastaroak, piragua hawaiiar erakustaldia, salbamendu lehiaketa, roller eta skate erakustaldiak, eta guztia festa giroan, talo, jaki, edari eta musikarekin. Baina, surf txapelketa datorren asteburuan izango da.

Berrikuntzak

Irailaren 22an izango da euskararen aldeko surf txapelketa Zaldunen hondartzan, Angelun. Egun berean, Biarritzeko skate pistan txapelketa izango da, eta ondoan, Atabal aretoan, kontzertuak ere izango dira. Egitarau oparoa izango da, beraz.

Txapelketari dagokionean, urtero zerbait gehitu edo aldaketak egiten saiatzen dira antolatzaileak, parte-hartzaileen onerako eta ikuskizuna hobetzeko helburuarekin betiere, baina oinarrizko formatuak bere horretan jarraitzen du.

16 urte bitarteko txapelketa eta neskena, ohiko formatuan egiten dira. Lau kideko txandak egiten dira, lehiakideen bi olatu onenak puntuatuz, eta txanda bakoitzeko bi surflari onenak hurrengo txandara igarotzen dira, horrela, finalera iritsi arte. Puntuaketa irizpideak ere ohikoak dira, alegia ASPren puntuaketa irizpideak oinarri hartuta puntuatzen dute.

Kategoria irekian, ordea, txapelketa eredua ez da ohikoa. Izan ere, tag team formatuan egiten da; hau da, taldeka. Formatu hau bodyboard kategorian ere egiten da; beraz, denera lau kategoria daude, 16 urtez azpikoak, neskak, tag team surf eta tag team bodyboard.

Kategoria nagusia taldekako lehia da eta itsasoan biltzen dituzten puntuez gain, lehorrean ere zenbait baldintza bete behar izaten dituzte, hala nola izena euskaraz jartzea, olaturik onena egiten duenak aurrez epaileei esandako esaldi bat euskaraz errepikatzea, edo mozorrotuta lehiatzea kasu.

Baina horrez gain, hondartzan lehiak jarraitzen du, izan ere, taldekideek itsasoan hartutako olatuekin puntuak biltzen dituzte ordezkatzen duten taldearentzako, baina kanpoan ere, taldeka, bestelako kirol bitxiak egin behar izaten dituzte.

Iaz sokatira lehiaketa ere egin zuten taldeek, eta ikuskizuna aparta izan zen; izan ere uretatik xehatuta, korrika iristen ziren lehiakideek sokari eutsi eta tiraka hasi orduko indarrak nondik atera ez zekitela jardun behar izaten zuten.

Aurten, sokatira egingo da berriz ere, eta gainera lehiaketa berri bat asmatu dute antolatzaileek, «txapel jaurtiketa». Beraz, itsasoan, sokatiran eta txapela jaurtitzen puntu gehien biltzen dituen taldea izango da irabazlea.

Izen-emate epea egunean bertan irekiko da, goizeko 09.30ean eta parte hartu nahi duenak 10 euro ordaindu beharko ditu. Aurten gainera, sari asko izango da, laguntzeko prest agertu diren markak ere asko baitira.

Gipuzkoako Surf Federazioak autobusa antolatu du. Zumaia, Getaria, Zarautz eta Donostian egingo ditu geldialdiak; beraz joateko asmoa duen orok bertako surf elkarteen bidez egin dezake izen ematea. Antolatzaileek dioten moduan:«Anima zaitezte euskaraz surfeatzera!»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo