GARA > Idatzia > Kultura

Bastidan Hamabost egun, 700 urteko historia eta ondarea ezagutzeko

1312an eraiki zen Bastida herria, eta zazpigarren mendeurrena handizki ospatzeko hautua egin du herriak. Zazpiehun urteko historia arte garaikidearen bidez ezagutaraztea erabaki dute herritarrek. Eltzegintza azokarekin hasi dira ospakizunak.

p054_f01_251x129.jpg

Ainize BUTRON

Urteurren baten ospakizuna herri batentzat hitzordu garrantzitsua izaten da. Baina ospakizun hori herri baten sorreraren zazpigarren mendeurrena delarik, handizki ospatu beharreko ekimena bilakatzen da. Hala gertatu da Nafarroa Behereko Bastida eta bastidarrentzat. 2012ko epea iristen ari zela, Udalak 7. mendeurrenaren ospakizuna parte-hartzailea izatea nahi zuen, eta hiru urtez aritu dira bertako artisauak, artistak zein herritar xumeak elkartzen, Bastidari besta handi bat eskaintzeko.

«Herrian elkarte asko dago eta artisau asko ere bai. Bi elementu horiek sor dezaketen dinamikaz baliatu nahi izan gara urteurrena lantzeko», argitu du Veronique Sallaberry-Auzik, herriko zinegotziak.

1312. urtean eraiki zen, beraz, Bastida herria, «borondate politiko huts» bati erantzunez. Eraiki berria zen ibaiko portua segurtatzeko hiri bat plantan jartzea erabaki zuten garaiko agintariek, ordura arte, deus ez zegoen Nafarroa Behereko inguru horretan. «Europan izan den hiri berrien mugimenduan kokatu behar da Bastidaren sorrera. Nafarroan eta Aragoin ere era berean eraiki diren beste hainbat herri daude, baina Ipar Euskal Herrian bakarrak gara», zehaztu du zinegotziak.

Bere izenak aditzera ematen duen bezala, «bastida» bat da mila biztanle biltzen dituen Nafarroa Behereko herri hori. Eta ohiko herrixkak ez bezala, Bastida osoki plazaren inguruan antolatu zen, portuari esker, merkataritzak, herrian, garrantzi handia zeukalako.

«Herri gehienak elizaren kokapenaren arabera egin ohi dira. Bastida eraikitzerakoan, eraikin guztiak plazaren kokapenaren arabera finkatu ziren, eta 1312an, sortu zenetik, herrian egituratze berdina mantendu du gaur egun arte», nabarmendu du Salaberry-Auzik.

Urrezko mendeak igaro ditu Bastidak merkataritzari esker, industrializazio garaia iritsi arte, eta dinamika horri esker, joan den mendean, bi mila biztanle biltzea lortu zuen.

Baina, industrializazioaren ondorioz, biztanleen galera izan zuen herriak. 1850. urtean, hain zuzen, 750 lagun zenbatzen zituen Bastidak. Azken hogeita hamar urteotan, bere historiarekiko lotura berreskuratu nahian, eta, bereziki, herriari hats berri bat emateko, artisauak erakartzeko proiektua abiatu du Udalak. Horri esker, hamabi artisau kokatu dira gaur egun herrian, eta, urtero-urtero, Ipar Euskal Herriko eltzegintza merkatu handiena antolatzen dute bertan. Horiei esker, Bastidak ezagupen berri bat lortu du.

Herriaren berezitasuna ondarea eta artea direnez, bi ardatz horiek goraipatuko dira atzotik datorren irailaren 30era arte, 700 urteurrena kari, herritarrek artisten laguntzarekin antolatu duten hamabostaldian.

Ondarea berpiztu

Ondareari dagokionez, Bastidako herriko etxeak eraberritze lanak egin zituela argitu du Salaberry-Auzik. Plaza eta inguratzen dituen etxeak guztiz berreginak izan dira, eta, horiekin, herriaren historia markatu duten gune berezi batzuk ere bai.

Bastidako leku horiek goraipatzeko orduan herriko zinegotziak trinketaren berezitasuna nabarmendu du. «Jeu de Pomme» kirola jokatzeko Europako trinket zaharrena Nafarroa Behereko herrixka horretan kokatua da, izan ere, 1512an eraikia da, eta, berriki, eraberritu ostean, berriz ere ateak zabaldu dizkio publikoari. «Orain arte kirol mota horretako trinket zaharrena Eskozian zegoen. Berritu dugunetik, Bastida da antzinakotasun handiena daukana», nabarmendu du Salaberry-Auzik.

Era berean, guztiz baztertua eta ahantzia zegoen ibaiko portua ere berritua izan da. Eta gune horren balioa nabarmendu nahian, portutik abiatzen diren ibilaldiak antolatuko dituzte.

Baina eraikinak ez dira Bastidaren altxor bakarrak. Merkatari herria izaki, kultur trukaketa gune bat izan da mendeetan. Herritar askok euskara eta gaskoia hitz egiten zutela argitu du Salaberry-Auzik, baina, euskarak oraindik bizirik badirau ere, gaskoia bera guztiz ahantzia izan den hizkuntza bat da. «Nire gurasoak elebidunak ziren. Merkataritzatik bizi zirenez, gaskoiekin trukaketak baziren. Hizkuntzei loturiko memoria hori bildu nahi izan dugu urteurrenerako, eta, elkarte bat sortu da herrian horretarako», zehaztu du.

Sail horretan, bigarren atal bat ere badago, hau da, Bastidako judu komunitatea. Baionan gertatu bezala, Espainiako erreinutik eta Portugaletik kanporatuak izan ziren judu asko Bastidan kokatu ziren, eta lekuko merkataritzaren dinamikan parte-hartze handia izan zuten. XVII. mendetik Frantziako Iraultzara arte geratu ziren bertan, eta, presentzia horren aztarna ugari geratzen da herrian: hilerria batik bat, baina etxe izenak ere bai, eta erlijio helburuetako lekuak, sinagogak eta bainuak.

«Etxeetan praktikatzen zuten erlijioa. Horregatik badira Bastidan sinagoga, David edo Abraham izeneko etxeak, bertan biltzen baitziren», argitu du zinegotziak. Orotara, laurogei familia kokatu ziren bertan.

Historiaren eta ondarearen atal bakoitza lantzeko, herritarrek elkarteak sortu dituzte. Historiaz jabetzeko bilketa lanetan ari dira oraindik ere, eta guztioi historia hori ezagutarazteko 2012. urte hasieratik hitzaldiak antolatuak izan dira herrian.

Eltzegintza merkatua

Bastidako urteurrenaren ospakizun nagusiek atzotik irailaren 30era arte iraungo dute, beraz. Atzo iragandako eltzegintza merkatuak eman die abiapuntua ospakizunei. Azokak, izan ere, berrogeita hamar artisau bildu ditu bi egunez. Eltze salmentekin, egileen erakustaldiak eta animazioak izan dira.

Jacques Pineau Bastidako beiragilea izateaz gain, azokaren antolaketan aritu da azken hemezortzi urteotan.

«Erdi Aroan eraiki zenez geroztik, plazak izan duen merkataritza gune izaera goraipatu nahi izan dugu artearen bidez. Bastidan, betidanik izan da artisau asko. Larrua lantzeko fabrikak edo torloju egileak baziren», azpimarratu du Pineauk.

Eltzegintzarekin batera, urtero bezala, arte mota baten inguruan erakusketa antolatu dute. Aurten, Euskal Herriko eta kanpoko hamar bat beiragilek obrak azaldu dituzte herriko hainbat lekutan, eta beraien obrak ikusgai jarraituko dute datorren irailaren 30era arte.

Arte erakusketek herriko xoko guztiak hobeto ezagutzeko aukera emango dute datozen hamabost egunetan. Herritarrek garaje eta etxeko sarrerak arte garaikideari ireki dizkietenez, erakusketen bidez, burdinolak, etxeetako ezkaratzetan aurki daitezkeen larrua lantzeko iturriak, eta beste hainbat bitxikeria ezagutzeko aukera izango da. Datozen bi asteburuetan zabalik geratuko dira etxeak, eta, bertan, lekuko eta kanpoko argazkilari, margolari, zizelkari edo bideo egileen obrak ikusgai izango dira.

Artisten aldetik, arte proposamenak anitzak dira. Caro Worboys serigrafista, esate baterako, herritarrek emandako irudietan oinarritu da instalazioak egiteko. Pierre Capperonek, berriz, era bereko lana egin du, baina bideoarekin. «Si La Bastide m'était compté...» izenburua daukan bideoa proiektatuko du. Irudiak lantzen dituzten bi artista horiekin batera, Luc Medrinal, Xomin Sourgens, Beñat Picabea, Abel Bourgeois eta Gonzalo Santoma argazkilariak, Jana Lottenburger, Eric Renoir, Fabien Mogabure, Jean Marc Dudezert edo Eric Mendiharat margolari eta zizelkariak bilduko dira herrian.

 

«700 Ilargi» sorkuntza artistikoa, mendeurrenaren hitzordu nagusia

Urteurrenaren hitzordu nagusia irailaren 30ean izango da Bastidan. Zazpiehun minutuz, hots goizeko hamabietatik gaueko hamaikak arte, arte garaikidea hedatuko da herri osoan.

LagunArte konpainiako artistekin aritu dira herritarrak azken bi urteotan lantzen egun horretan agertuz joango diren ikusgarriak. «Herrian beste era batez bizi» gai nagusiaren inguruan, herritarrekin, zazpi tailer antolatuak izan dira LagunArte konpainiako artistekin.

Soinuek, testuek, dantzek, obra artistikoek, irudiek, musikak, kantuek, argazkiek eta bideoek osatuko dute egitaraua.

Antolatzaileek aitortu dutenez, egitaraua ez dago arras osatua, eta, datorren asteetan, azkeneko saio bat egingo dute guztia irailaren 30erako prest izateko. «Xedea, orduro, herriaren leku ezberdin batean ikusgarri bat eskaintzea da», argitu zuen Yvette Salaberry-Auzi zinegotziak. Bisitariak, finkatua zaion hitzordu bakoitzean arte mota ezberdin bat preziatzeko aukera izango du. «700 ilargi» sorkuntzari, eguerdiko mezaren ondotik emango zaio hasiera.

Testua, musika, eta dantza elkartuko dituen lehen ikusgarri horren ondotik, kioskoaren inguruan bigarren hitzordu bat finkatua izango zaie ikusleei. Herriaren sorrera hizpide izango duen bigarren ikuskizun horretan LagunArte konpainiak eginiko instalazioa eta herriko haurren abestiak azalduko dituzte.

Dagoeneko egitaraua guztiz finkatua ez bada ere, Yvette Salaberry-Auzik gaueko emanaldiaren berri eman zuen. Andre Nicolao artistari esker, Bastidan argia eta soinua hedatuko da.

Eta, gauerdian, berritua izan den 1512. urteko trinketean, herriko argazki zaharrekin eta irudiekin, musikariek, argazkilariek eta bideo egileek kontzertu-zine proiekzioa eskainiko dute.   A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo