GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

OHOREZKO MAILA Vigo

Hernanik azken hamar minutuetan jaso zuen egindako lanaren ordaina

VIGO 16
HERNANI 20

J.L.

Hernanik balentria handia lortu zuen atzo Vigon. Sekulako garrantzia dauka, gainera, atzoko emaitzak, ustez mailari eusteko borrokan ibili behar duten bi talde baitira, eta aurkari zuzen bat bere zelaian menderatzeak sekulako indarra emango die hernaniarrei.

Gipuzkoarrek ikaragarrizko partida amaiera egin zuten, azkeneko hamar minutuetan hiru entsegu lortu baitzituzten. Garaipena eman ziena, gainera, azkeneko minutuan heldu zen, eta horrelakoek oraindik eta poz handiagoa ematen dute.

Partida amaitzeko hamabi minutu falta zirenean etxekoek gauzatu zuten entseguak maldan gora jarri zien partida jokalari gipuzkoarrei, baina erantzuna ezin hobea izan zen beraien aldetik, eta emaitza ere bai.

Burua makurtu beharrean, jaso eta erreakzioari ekin zioten. Otaegik lortu zuen lehen entsegua, markagailua murriztuz, eta Otañok bigarrena. Bietan ostikoarekin ez zuten asmatu, baina ez zuten etsi, garaipena lortu zezaketela ikusten baitzuten hernaniarrek.

Saiatuta lortzen omen dira gauzak, eta horixe gertatu zen atzo, azkeneko minutuan Garmendiak lortu baitzuen garaipena emango zien entsegua, eta oraingoan Genuak ez zuen jaurtiketarekin hutsik egin, eta garaipen handia lortu zuten.

Atzoko puntuak indar handia emango die Hernaniko jokalariei, ez irabazteagatik bakarrik, nola lortu zuten ikusita ere bai. Gernikan emandako itxura ona baieztatu egin zuten, eta mailari eusteko ametsa oso posible dela lortzea erakutsi zuten. Orain bideari jarraitu behar diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo