GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Talentua

Izateko, elikatzeko, irauteko, guztiak behar du beste bat, guztiak behar du nortasun zehatza emango dion isla bat. Indartsuak ahularen izatea du beharrezko, edertasunak zatartasunarena, jakinduriak ezjakintasunarena... Txanponaren alde bien kontzeptua da, zuri eta beltz hutsera mugatu barik, ordea, mundu honetan tarteko milaka ñabarduren aukera infinitua baita. Agian, ñabardurotan galduta ibiltzea da pertsonon zoria, bi muturren artean hara eta hona igerian bizitza osoa.

Horregatik existitzen dira istorioak, eta istorioak kontatu ahal izateko baliabideak, ipuinak, margoak, antzerkia eta abar, milaka izate, ñabardura, isla aurki daitezkeelako edonon, edonorengan; arte mota oro jaiotzen da zerbait barrutik kanpora ateratzeko beharretik, norberaren egonezinetik, ingurunetik xurgaturiko eta barruan mastekaturiko zurrunbiloari nolabaiteko forma eta zentzua emateko bulkadatik. Pertsonon gaitasun zoragarrietako bat da, pertsonatik pertsonara guztiz aldatzen dena, ikuspuntu eta norabide bakarraren dominaziotik aske egiten gaituena, eta, sarri, identifikazioaren bidez, une liluragarri hori, munduari lotuta gaudela gogoratzen laguntzen diguna.

Gaitasun horrek ematen duen fruituaren hedapenean, esan diezaiogun artearen munduan, pertsonon dohain horren jabea, dohain horren garatzailea, artista, irudi hori, gizonarena da. Horrela datorkigu burura, diziplina guztietan, gizonak aurrenekoak. Istorioak kontatzen dituztenak, horretarako talentua dutenak, jendearengana iristen direnak, gizonak. Artearen adar guztietan, hamar gizonetik emakume bat. Museoetan, liburu-dendetan, kaleetan ezarritako obretan, gizonen artelanak. Eskoletako liburuetan, aldizkari espezializatuetan, gizonen izenak, sinadurak. Klasikoak edo garaikideak, pertsonon talentu horren eramaile fisikoa, artista, gizona. Publikoki goraipatuak, sarituak, gizonak. Hor dugu Donostiako Zinemaldia, esaterako. Aurten Donostia Saria jasoko dutenak, bostak, gizonezkoak. Lau aktorek eta zuzendari batek, hain zuzen. Aintzatespena jasotzeko arrazoiak eduki badituztela ez dut zalantzarik, baina ez al da zinemaren munduan talentudun emakumerik? Ez al da halako aitorpenik merezi duen emakumezkoren baten lanik?

Badirudi ezetz, badirudi emakume batek beti lortu behar duela haragoko distira, maisulanera iritsi ezean, maisulan eztabaidaezinera, nabarmendu ezinik. Pentsa liteke, xaloa izanez gero, agian, besterik gabe, ez daudela horrenbeste emakume artista. Edo, oro har, emakumeok ez dugula horretan jarduteko behar beste irmotasun, edo ez zaigula interesatzen muturren artean mugitzen den guztiari so egitea, gure egonezinetik sorturikoa transmititzeko beharrik ez dugula sentitzen. Pentsa liteke hori, eta pertsonon gaitasun hori garatzeko aukera, fruituak erakusteko agertokia, erdiari baino ez zabaltzen jarraitu. Izan ere, artearen mundua, betidanik, gizonezkoei eskaini eta erraztu zaie. Eta horrenbeste denboraz zapaldua egon den emakumearen talentua bultzatu eta argira ekartzeko ahaleginik ez da egiten, egon ez daudela sineste- raino, berezko arrazoia hori balitz bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo