Auzitegi Nazionala beste epaiketa politiko baten agertoki izango da bihar
Auzitegi Nazional espainolean bihar hasiko da Hernanin 2009an sarekada batean atxilotu zituzten hamar gazteen aurkako epaiketa. Auzpetuei babesa emateko, mobilizazio jendetsua egin zuten larunbatean Hernanin bertan. Herritarren elkartasuna jaso dute gazteek.GARA |
Madrilerako bidea hartuko dute gaur, 15.00 aldera, 2009ko martxoan polizia espainolak Baltasar Garzon epailearen aginduz abiatutako sarekada batean atxilotuak izan ziren Hernaniko hamar gazteek, bihar hasiko baita euren aurkako epaiketa politikoa Auzitegi Nazional espainolean, 16/10 deitutako sumarioa- ren barruan. Segiko kideak izatea egotzita, zazpi eta bederatzi urte bitarteko kartzela zigorra eskatu dute bakoitzarentzat.
Inkomunikazioaren ostean, hamar atxilotuetatik zazpik salatu zuten Polizia espainolaren eskuetan izan zirenean torturak sufritu zituztela.
Gazteak ez dira bakarrik egongo, euren senideek eta lagunek beraiekin batera egingo baitute bidaia, eta prozesu judizialean alboan izango dituzte. Amaiurrek ere babesa erakutsi die auzipetuei eta bihar, epaiketaren lehenengo egunean, adierazpenak egingo ditu koalizioak hedabideen aurrean.
Jaso duten babes eta elkartasunaren harira, Hernani herriaren gehiengoak hilabetean zehar egin diren hainbat ekitalditan ere bere solidaritatea erakutsi die hamar gazteei. Hain zuzen, eta epaiketaren atarian, manifestazio jendetsuak herriko kaleak zeharkatu zituen larunbat arratsaldean, «Epaiketa politikorik ez, gazteria libre eta legala» lelopean.
Manifestazioaren ostean ekitaldia egin zuten, epaiketaren harira antolatu den babes kanpainari amaiera emanez. Bertan, «gazteria independentista eta ezkertiarrari ematen zaizkion kolpeak» salatu zituzten, sarekadaren ondoko egunetan Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro oihak «atxiloketa prebentiboak» izan zirela esanez eginiko adierazpenak berriro errefusatuz. Orduan, baita gaur egun ere, ilegalizazioaren irizpidea jarraituta, Madrilek «gure herria salbuespen egoerara» eraman nahi duela kritikatu zuten, «gazteriak gizarte eredu alternatibo bat sortzeko duen grina» itzaltzeko saiakeran.
Jarrera zapaltzaile hauen aurrean ohartarazi zuten euskal gazteriak altxor bat duela: ideiak. Ideien aurka, horiei eraso egiteko ez dagoela nahikoa indarra duen tresnarik berretsi zuten: «Ideiak ezin dira atxilotu, torturatu, kolpatu, ezta ilegalizatue ere». Hala bada, sentimendu horrekin ekingo diote gaur Madrilerako bideari.