CFA MAILA
Azkenean iritsi da Avironentzat denboraldiko lehenengo porrota
HYERES 1
AVIRON 0
Jon LEUNDA
Avironek denboraldiko lehen porrota jaso zuen Hyeresen zelaian. Sei jardunaldi jokatu, eta orain arte partida bakarra galduta, ez da marka txarra, baina irabazi ere bakarra egin du, eta horrela ez dago sailkapeneko lehen postuetan egoterik.
Lapurtarrek atzean lan handia egiten dute, zaila da Baionakoei gol bat egitea, baina beraiei ere bat sartzea asko kostatzen zaie, eta golik egin ezean oso zaila da garaipena eskuratu ahal izatea.
Avironek ez zuen ikuskizun handirik eman herenegun gaueko partidan, baina etxekoek ere ez. Lehen zatia orekatua izan zen, eta frantziarrek atsedenera joateko minutu gutxiren faltan lortu zuten aurreratzea, eta azkenean horrek erabaki zuen norgehiagoka.
Bigarren zatian ere gauzak ez ziren gehiegi aldatu. Oraingoan baloiaren jabetza euskaldunena izan zen, eta aukeraren bat edo beste izan zuten partida berdintzeko, baina ez zuten asmatu kanpotarren atearen aurrean, eta beraien markagailua mugitzerik ez zuten lortu. Etxeko taldeak, berriz, kontraerasora jokatu nahi izan zuen, partida betiko erabakitzeko asmoarekin, baina haiek ere ez zuten lortu berriro ere Ximun Duhouren atea zulatzerik, baina golik hartu ere egin ez zutenez, amaieran beraientzat izan zen garaipena.
Partida honen ostean, Baionako taldea sailkapeneko hamabigarren postuan dago, eta irabazteko premia ere badauka.