Etxepare Institutuak euskal kultura hedatzeko askotariko liburu sorta prestatu du
Euskal kulturan interesa duen orok informazio osatua izango du hemendik aurrera Etxepare Euskal Institutuak sortu duen bildumari esker. Hamabi gai aukeratu eta bakoitza sortzaile aditu bati egokitu zioten, horri buruz idatz zezan. Emaitza hamabi liburuxkaz osaturiko eta hiru hizkuntzatan idatzitako sail bat da. Euskaldunek gehiago ikas dezaten eta, batez ere, atzerritarrek gure kultura ezagut dezaten gakoak ematen ditu lanak.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Euskal kulturaren «aurkezpen txartela» izango den liburu bilduma aurkeztu zuen atzo Etxepare Euskal Institutuak. Erakundearen eginkizun nagusia gure kultura Euskal Herrian zein kanpoan ezagutaraztea eta zabaltzea da eta liburuok horretarako balioko dute. Gai desberdinetan berezitutako hamabi alez dago osatuta sorta. Bakoitza egokitu zaion gaian aditua den euskal sortzaile batek idatzi du, eta dakitena labur eman eta argi azaltzen saiatu dira guztiak. Hiru hizkuntzatan argitaratu dute, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, alegia.
Sortaren aurkezpenean Aizpea Goenaga institutuaren zuzendaria eta Mari Jose Olaziregi euskararen hedapen eta sustapen zuzendariarekin batera, Mitxel Murua itzultzailea, Javier Ruiz diseinatzailea eta bilduman parte hartu duten idazleetako batzuk izan ziren.
Goenagak Etxepare Institutuaren garrantzia azpimarratu zuen euskal kulturaren zabalkuntzan eta, bide batez, Euskal Kultura Saila liburu sortak helburu berberari eutsiko diola adierazi zuen. Izan ere, euskal kultura euskara eta artearen bidez mundu osoan zabaltzeko tresna baliagarriak izan litezke liburuak.
Olaziregiri egokitu zitzaion bildumaren filosofiaren berri ematea. Azaldu zuenez, hamabi liburuz osaturiko sorta bada ere, bi liburu ez dira inprentatik atera oraindik, baina urte amaierarako denak elkarrekin izatea espero dute. «Liburu bakoitzak, batez beste, 25 irudi ditu eta baimen guztiak lortzea gogorra izan da», azaldu zuen.
Olaziregik aipatu zuenez, «begietatik sartzen diren liburuak» dira, baina irakurleen gogoan bizirauteko asmoz eginak. Hala, «kultura» hitzak bi adiera izan ditzakeela azpimarratu zuen, Miren Jaiok berari dagokion liburuxkan esan bezala: «talde baten nortasuna» eta «komunikatzeko beharrizanaren fruituek osatzen duten ondare soziala».
Bere ustez, jada esku artean zuen bildumak dibulgazio sail xume baten asmoak gainditzen ditu, itxura xume batean asmo handiak gordetzen dituelako. Gainera, liburu guztien edukien freskotasuna azpimarratu zuen. Nahiz eta egile bakoitzak bere erara antolatu zituen ideiak lan bakoitza jorratzeko garaian, beraien artean hitz egin gabe, finean pareko emaitza lortu da: irakurtzeko errazak diren testu interesgarriak.
Kulturaren hamabi ikuspegi
Sailak bildutako lanek kultur arloko hamabi gai jorratzen dituzte: euskararen historia, XX. mendeko euskal literatura, euskal musika klasikoa, euskal kantagintza (pop, rock eta folka), artea, euskal zinema, arkitektura eta diseinua, euskal dantza, bertsolaritza, tradizioak, euskal sukaldaritza eta euskal antzerkia.
Ivan Igartuari eta Xabier Zabaltzari euskararen historia 80 orrialde ingurutan laburtzea egokitu zaie. Euskal kantagintzari buruzko liburua Jon Eskisabelek egin du. Informazioa bildu ostean kantagintza modernoa duela 50 urte zehaztu du, lehenengo singlearen kaleratzearekin batera. Ordutik gaur egunera arteko errepasoa egiten dio musikari, ibilbide horren zenbait adibide jarriz.
Miren Jaio artista arte bisualaren munduan barneratu da. Esan zuenez, urruntze ariketa bat egin behar izan zuen, bilduma euskaldunentzat ere interesgarria izango bada ere, kanpotarrei zuzenduta dagoelako, eta hauek jakin behar dutelako zer den Euskal Herrikoa espezifikoki.
Joxean Fernandezek zinema jorratu du, bereziki euskal zuzendariak ardatz hartuta. Oier Araolazak, berriz, dantzari heldu dio. Bere txanda kulturaren aldeko aldarrikapena egiteko aprobetxatu zuen, bere iritziz, ikerkuntza eta zientziarekin batera, krisi garaian ere, bultzada bat behar duelako.
Joxerra Garziak bertsolaritza izan du langai eta Hasier Etxeberriak, berriz, sukaldaritza. Oso gai desberdinak biak. Lehenengoa inork ez luke ukatuko Euskal Herriaren ondarea dela. Bigarrenaren muga, ordea, lausoagoa da. «Zer da `euskal' sukaldaritza izatea? euskal produktuekin egindakoa? euskaldunek egiten dituzten errezetak?». Zalantza hori bota zuen Etxeberriak airera.
Horiez gaien, aipatzekoa da ere Karlos Sanchez Ekizak eginiko musika klasikoari buruzko liburuxka. Aurrera ateratzeko Euskadiko Orkestraren laguntza izan dute, eta lankidetza horri esker liburuarekin batera disko bat ere banatuko dute.
Liburuak ez dira salgai egongo, Etxepare Institutuak parte hartzen duen azoketan baino ez dute banatuko, baina nahi duenak institutuaren webgunean PDF formatuan jaisteko aukera izango du, doan.