Mikel Zubimendi Kazetaria
Orain politika, orain politikariak
Gustura galdetuko nuke hau euskal herritarren artean: «Euskal Herria hobeto gobernatua al legoke politikariak alde batera apartatu eta lehendakaria eta kontseilariak lotura alderdikoirik gabeko adituak, erakunde handiak kudeatzen eskarmentatuak balira?». Usaimenak diost inkestaren emaitzak aski argigarriak liratekeela, bi zentzutan: ados leudekeenak eta kontrakoak, hortxe, parez pare egongo liratekeela. Eta, bestetik, gobernugintzarako teknokraten kotizazioa, sentimendu antipolitikoa bezainbeste, gora doala. Noiz eta politikaren eta politikarien garrantzia inoiz baino beharrezkoagoa dugunean.
Europan begiratuta argi ikusten da politikariak teknokrataz mozorrotzen direla, zuzen-zuzenean hauengatik aldatuak ez direnean. Greziako lehen ministroa eta Italiako lehen ministro eta kabinete osoaren kargugabetzeak argiro erakutsi zuten tendentzia. Ortodoxia ekonomiko baten izenean, soluzio teknokratikoak nonahi gailentzen ari dira.
Politika gaizkiulertu handi bat da egun. Sarritan beharrezkoa den gaitz bat bezala kontzeptualizatua, gero eta gutxiagok estimatzen dute bere izate propioan. Ez da erlijioa, ez da etika, zuzenbidea, zientzia, historia edo ekonomia, ez du dena konpontzen, ez dago denean presente. Politika politika da, gure herri konplexu eta askotarikoaren gobernazioaren arazoarentzat erantzun onargarri bakarra. Jarduera humanoa, ezinbestekoa askatasuna mantendu eta garatzeko. Boterearen egarri diren eta politika arbuiatzen dutenen eskuetan ezin dena utzi.
Desafio berrien eta ahalmen politiko zaharren tartea areagotzen duten garai latz eta ilunok, politika nahasgarria, iruzurgilea, eraginkortasun gabekoa eta are politikari guztiak zikinak direla dioen ikuspegia zabaltzeko aproposak dira. «Ni ez naiz politikoa, ni teknikaria naiz» dioten askotxo dabiltza boterearen borrokan. Gehienak benetako botereen soldatapeko. Demagogiarako pagotxa hartuta, salmenta errazeko argudioak apurka-apurka, xirimiria legez, gizarteratuz.
Askatasunaren defentsan, politikari gorazarre egiteko ordua da. Orain, inoiz baino gehiago, politikari onak behar dira.