GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Ikusezina eta ikusgarria

Munduko hedabide ekonomiko nagusien arreta biziena merezi ote du Xi Jinpingen osasunak? Haren bihotzaren edo bizkarraren baitan ote dago datozen urteetako munduko ekonomiaren nondik norakoa?

Asia Ekialdeari buruzko konturik gehienetan ikusezina eta ikusgarriaren arteko sokasaltoan ibiltzen garela mendebaldarrok esatea arrunkeria da. Erraza bezain hutsala. Okerrena, hala ere, ikusi ezin dugunaren lilurak begien aurrean duguna aintzakotzat ez hartzera garamatzanean dator. Arestian bezala.

Ezkutukoari lapatuta ibili dira mundu parte honetako hedabide serioak hamabost egunez: Xi Jinping «oinordekoa» desagertuta omen zegoen. Hastear den TAKaren kongresuaren ondoren Txinako agintaritzaren goreneko gorena izango omen denak hitzemandako bilkuretara kale egiten zuen irailaren lehenaz geroztik eta, honelakoetan ohikoa den bezala, inolako argibiderik ez zuten eskaintzen Beijingeko arduradunek. Zer gehiago behar zen aieruka hasteko? Bo Xilai aferaren bigarren adarra ote? Kongresua ere atzeratzear ote zegoen?

Berehala hobetsi zen osasun arazoren bat eduki zezakeela Xik. Baina horretan ere aukera zabalegia zen, demontre: batzuen ustez, bihotzekoren batek jota egon zitekeen (langile neurrigabe samarraren fama du); trukulentzia maiteago dutenek, ordea, joera ezberdineko agintarien arteko tiroketa batean zaurituta egon zitekeela zioten; agintetik gertuago omen dauden beste batzuei, haatik, bizkarreko minak jota egon zitekeela aditzen zitzaien... Azkenean, iragan ostiralean, Beijingen berragertu zen Xi, oso itxura normalean... baina haren dobleren bat izan daitekeela dioenik ere bada!

Arazoak badu bere mamia, ez pentsa. Sobietar ereduko kooptaziozko gerontokrazia bitalizioek ezinbestekoak dituzten arriskuak ekiditeko asmatu zuen Deng Xiopingek «belaunaldien» eredu txinatarra. Oraingoz behintzat indar betean dagoena. Eredu honetan, agintari(gai) gorenen osasuna ez da arazo pertsonal soila, sistema osoaren egonkortasuna baldintza dezakeen faktore iheskor samarra baizik. Eta agintari(gai) gorenen adin-mugak irizpide horri atxikita ezarri ziren, hain zuzen. Beraz, txantxarik ez dago alor horretan. Baina munduko hedabide ekonomiko nagusien arreta biziena merezi ote du Xiren osasunak? Haren bihotzaren edo bizkarraren baitan ote dago datozen urteetako munduko ekonomiaren nondik norakoa?

Bitartean, hamabost egun horietan bertan, ageri-agerian, ikusgarri gaiztotu da Senkaku/ Daioyu irlatxo galduen inguruan Japoniak eta Txinak darabilten tirabira. Alde bateko zein besteko «jabetze» bisitaldi zalapartatsuen ondoren, japoniar Gobernuak erosi egin dizkio jabe paperak zituen herrikideari haitz punta haiek (txinatarrek beste horrenbeste egin baino lehen, beharbada?); eta Txinak bere gerraontzietako batzuk bidali ditu ingurumarietara. Baina Txinako hiri nagusienetan sutu diren protesta manifestazioak eta japoniar enpresa eta saltegien aurkako erasoak dira benetako arazoa: munduko bigarren eta hirugarren potentzia ekonomikoen arteko harreman potoloak daude kolokan... Eta lehen potentzia ere leporaino dago joko horretan, nahitara edo nahi gabe. Ez soilik ekonomikoki, baita ere diplomatikoki eta militarki.

Obamaren lantaldeak hamabost egun behar izan ditu ikusgarria zena ikusteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo