Iruñerriko eragileek euskararen alde lasterka egiteko eskatu dute
GARA | IRUÑEA
Iruñerriko euskalgintzako, kultura arloko, kirol arloko zein Alde Zaharreko Jai Batzordeko ordezkariek agerraldia egin zuten atzo Iruñean, herritarrei larunbat honetan, hilaren 22an, Euskal Herriko hainbat herritan bezala Iruñean bertan ospatuko den «Euskaraz bizi nahi dut» herri-lasterketan parte hartzeko deia egiteko.
Iruñean, goizeko hamaiketan hasiko da helduen lasterketa, San Frantzisko plazan eta ondoren haurrena egingo da. Haurrekin hiru talde egingo dira adinaren arabera, 6 urte artekoena, 7 eta 9 urte artekoena eta bukatzeko 10 urtetik gorakoena.
Izen-ematea egunean bertan egin ahal izango da goizeko bederatzi eta erdietatik aurrera, eta Euskal Herriko gainerako lekuetan ere lasterketa hasi aurretik izena emateko aukera egongo da.