GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lurralde Elkargoaren sorrera gizarteak ere babesten duela agertu nahi dio Baterak Parisi

Ipar Euskal Herrirako lurralde elkargo bereziaren eskaera, hautetsi gehienena ez ezik, «gizarte zibilaren nahia» ere badela erakustea da irailaren 29n Baterak Baionan egingo duen jardunaldiaren xede nagusia.

p011_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Dezentralizazio lege berriaren atariko, urriaren 4an eta 5ean Parisen egingo diren Jardunaldi Orokorren harira, Batera plataformak Euskal Herriko Jardunaldiak antolatu ditu Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa bilduko lituzkeen Lurralde Elkargoaren eskakizuna jorratzeko. Baionako Merkataritza eta Industria Ganberan (MIG) burutuko dira datorren irailaren 29an, 14.30etik goiti.

Topaketaren xede nagusia «gizarte zibilak ere babesten duen eskakizuna» dela erakustea da. Horregatik interesa duen edonori, izan hautetsi, eragile sozial edo herritar soil, bertan parte hartzera gomita egin zioten, atzo, Baionan, plataformako zenbait kidek.

Izan ere, eztabaida luze eta mamitsuen ondotik, azken asteotan euskal hautetsi gehienak lurralde elkargo bat sortzearen alde agertu izana oso inportantea dela baderitzote ere, gizarteak ere eskaerarekin bat egiten duela Parisi agertzeak eskakizuna indartuko duelakoan daude. Horrela, nahi hori islatuko duen adierazpen bat aurkeztuko diote batzarrari, bere onespena lortu ostean, Gobernuari helaraziko diotena.

Ez da, haatik, jardunaldiaren xede bakarra: «Baterak oroitarazi nahi du lurralde elkargo berezia eskuratzeak, lurraldearen aitortza ez ezik, beste eragin asko dituela maila ekonomikoan, sozialean, kulturan...», esan zuen Jakes Borthairuk.

Egokiena une egokian

Bere asebetetzea ezkutatu gabe, eskakizunaren inguruan lortutako batasuna nabarmendu zuen Martine Bisautak: «Batera Lurralde Elkargoaren alde egiten hasi zelarik basamortuan ginela zirudien, eta gaur egun, gori-gorian dagoen gaia da. Aukera egokiena eta une egokian egindakoa da, eta, inoiz ez bezala, lorgarria gainera. Beste hainbat lurraldetan (Alsazia, Korsika, Bretainia...) egiten ari diren eskaerak aintzat hartzen ari diren honetan pentsaezina litzateke Euskal Herritik egindakoari entzungogor egitea».

Bateraren kideen artean baikortasuna nagusi zen arren, ez zuten zuhurtasun puntua agertzea ahaztu, eta batez ere, proposamena borobiltzeko aurrean geratzen den lana gogorarazi zuten.

Hala, Lurralde Elkargoa edukiz janzteko atal ugari geratzen direla adierazi zuen Mixel Berhokoirigoinek: «Esaterako, nola antolatuko den eta zein ordezkaritza izango duen; zein politika fiskal, zer diru-sarrera, zenbaterainoko autonomia; hautetsiak nola hautatu eta hauteskunde eremuak nola osatuko diren; beste erakundeekin zer-nolako harremanak izango dituen... Hori guztia oraindik zehazteke dago».

Horrekin batera, finkatu beharko den beste alderdi bat ere nabarmendu zuen, Lurralde Elkargoa plantan emateko jarraitu beharreko metodologiarena, alegia: «Prozesu hori nola eraiki ikusi beharko da. Momentu batean Parisi igorriko zaion proposamena lantzerakoan izan den aniztasunak errespetatua izan behar du eta Ipar Euskal Herritik segimendua izan behar du. Hori bai, ez soilik Garapen Kontseilutik eta Hautetsien Kontseilutik. Horien lana oso garrantzitsua izaki ere, eztabaida zabalagoa izan behar da gizarteko gune guztietara hel dadin».

MIG ere alde

Ipar Euskal Herriko esparru ekonomikoak ere Lurralde Elkargoa erabat babesten duela gogorarazi zuen Bisautak: «Askotan ahantzi egiten dugu, baina Merkataritza eta Industria Ganbera %100 egitura horren alde da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo