Marikanako meatzariak lanera itzuliko dira, akordioa lortu dute-eta
Lonmi enpresako Marikanako meatzeko langileek akordioa lortu zuten atzo enpresarekin, bitartekari lanetan aritutako elizgizonek jakinarazitakoaren arabera. Akordioaren arabera, soldataren %22ko igoera eta 190 euroko hobari bat lortu dute, eta bihar itzuliko dira lanera.
GARA | MARIKANA
Marikanan (Hegoafrika iparraldean) platino meatzea duen Lonmi enpresaren eta greban ziren bertako langileen artean akordioa lortu zuten atzo bitartekari lanetan ari ziren elizgizonek. Akordioan langileen soldata %22 igotzea onartu du enpresak, langileek aldiz, ostegunean bertan lanera itzultzeko konpromisoa hartu dute.
Akordio honen ostean, abuztu hasieran hasitako liskarrak amaituko direla espero da -jada 45 hildako sortu dituztenak-. Liskarrok abuztuaren 16an areagotu ziren, Poliziaren esku 34 meatzari hil zirenean.
Adostutakoaren arabera, langileentzako 190 euroko hobari bat onartu dute, eta hori berehala ordainduko diete guztiei, izan ere, «azken hiru asteetan [greba dela-eta] ez dute inolako dirurik jaso eta beharrezkoa dute euren beharrei aurre egiteko».
Jo Seokare bitartekari lanetan aritu den elizgizonaren esanetan, «akordio hau integrala da» eta guztien adostasunez lortu da. Seokak meatzariekin bildu ostean helarazi zien berria prentsako kideei.
«Soldataren igoera %22koa izango da, benetan igoera handia», zehaztu zuen elizgizonak. «Langileak oso gustura daude lortutako akordioarekin, eta lortu duguna langileen benetako garaipen bat izan dela uste dugu. Ostegunean itzuliko dira guztiak lanera».
Seokanek nabarmendu zuenez, halako garaipen bat «gutxitan» gertatu ohi da.
Aurrez, atzo bertan, Lonmi enpresak greban zeuden langileei beste eskaintza bat ere egin zien, soldata 173 euroan igotzeko proposatuz, baita 140 euroko hobari bat eta etxebizitza zein osasun babesa eskainiz ere.
Eskaintza horrekin, enpresa horretako meatzeetan lanean ari direnen soldata 830 eurokoa izango litzateke.
Lonmi enpresaren meatzeetan sortutako gatazka Rustenburg eremuaren barruan dauden hainbat platino meatzeetan greba eta istilu ugariren sortzaile izan da. Ondorioz, hainbat meatze handik euren jarduna eten behar izan dute aste hautan zehar, langileen ofentsibaren aurrean.
Anglo American Platinum
Anglo American Platinum enpresak mehatxu egin zien atzo greban dauden bertako langileei, gaur bertan lanera itzuli ezean kaleratuak izango zirela ziurtatuz.
Munduko platino gehien ekoizten duen enpresa honek, bere jarduna eten behar izan zuen duela egun batzuk, Marikanako gatazka gainerako meatzeetara zabaldu zenean, eta jada diru galera nabarmenak dituela salatu zuen.
Julius Malemak, ANCko Gazte Elkarteko lehendakari ohiak -apirilean kanporatua-, Jacob Zuma lehendakaria bera hiltzen saiatu zela jakinarazi zuen atzo, itxuraz, meatzariekin elkartzeagatik.