GARA > Idatzia > Kultura

Latinoamerikako zinemaren osasun onaren erakusle izanen da Biarritz

Latinoamerikako Zinema Jaialdiaren 21. edizioa irailaren 24tik 30era iraganen da Biarritzen. Aurtengo sail ofizialean parte hartuko duten filmen eta dokumentalen kalitatearekin oso pozik agertu dira hautaketa batzordeko kideak, eta orokorrean Latinoamerikako zinemak egun duen osasun onaren erakusgarri direla adierazi zuten. Carmen Maura eta Luis Tosar Biarritzen izanen dira heldu den astean, sail ofizialeko «Sofía y el terco» eta «Operación E» aurkezten.

p038_f01_148x88.jpg

Idoia ERASO | BIARRITZ

Aurten jaialdiak 21. urteurrena ospatzen duela, Biarritzeko Festibaleko presidente Jean-Marie Dupontek iaz lortutako arrakasta errepikatzea dutela helburu nabarmendu zuen: «20. urteurrena ospatzeko egin zen festibal arrakastatsua berriz ere lortzea izanen da gure aurtengo erronka». Jaialdiko ordezkari nagusi Marc Bonduelek Atlantikoaz bestaldean Biarritzeko hitzordua erreferente bilakatu dela gaineratu zuen.

«Aurten zorte handia daukagu, zinema latinoamerikarra irakinaldian dago, hori dela-eta kalitate handiko film asko daude sail guztietan», azaldu zuen Bonduelek. Horri buruz aukeraketa taldeko kide den Lucile de Calanek hau gehitu zuen: «Aurten aukeratzea oso zaila izan da, film anitz izan ditugu eta kalitate handikoak, gainera nazioarteko festibaletan beraien aukeraketarekin gure sentimena baieztatu dute».

Luis Tosarren parte hartzea izan duen «Operación E»-k interes handia piztu du. Miguel Courtoisek Paterninak zuzenduriko filma FARCek egin bahiketa batean oinarritua da. Zahartzaroaren ikuspegi goxoa eskaintzen duen «Sofía y el terco»-k Carmen Maura du protagonista. Hori dela-eta bi aktore ezagunak Biarritzen izanen dira.

Dokumentaleko hamalau lanei buruz De Calanek nabarmendu zuen herri oso ezberdinak daudela ordezkatuak.

Liburu aretoa

Jaialdiaren baitan Liburu Latinoamerikarraren Aretoaren 1. edizioa eginen da irailaren 29an. Azken urteetan literaturari emandako garrantzia zabaldu nahi izan dute horrela.

Biarritzeko Théâtre du Versant konpainiak Mexiko eta Haitirekin egin «La 3ème Racine» antzerki lana aurkeztuko du irailaren 29an.

Maiei eskainiriko gaualdia eginen da asteazkenean. Guatemalatik heldutako bi gidari espiritual izanen dira, eta maien kultura eta filosofiari buruzko «Granito» filma proiektatuko dute. Aurtengo edizioaren helburuei buruz honakoa adierazi zuen Jean-Marie Dupontek: «Amerikako kultura zaharrenetarikoa den maien kultura eta egungo errealitatea gure jaialdian ezkontzea dugu helburu».

JARDUERA UGARI

Film eta dokumentalak ikusteko paradaz gain, festibaleko eremuan liburu aretoa, kontzertuak, gaualdiak eta argazki erakusketak ere izanen dira.

Kolonbiako egungo zinemagintzari buruzko begirada Biarritzen

Biarritzeko festibalaren 21. edizioak Kolonbiari buruzko begirada berezia eskainiko du. Hamar film garaikide aurkeztuko dituzte, horietarik batzuk sail ofizialean izanen dira: «La playa D.C.», «Sofía y el terco» eta «Operación E».

Kolonbiako zineman gertatu den garapena horrela azaldu zuen aukeraketa taldeko Annouchka de Andradek: «Orain arte bertako arazoei buruz mintzatzen ziren filmak ziren gehienbat. Orain gai horiek poesia gehiagorekin jorratzen dira eta aldi berean unibertsalagoak diren gaiak ere aipatzen dira». Kolonbiako zinemaren osasun egoera onaren adierazle gisa azken urtean egin diren hogeita hamabost filmak ere aipatu zituen. I. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo