GARA > Idatzia > Kultura

Chopin eta Xenpelar, bi bizimodu ezberdin bezain antzeko

«Bi arreba» ikuskizuna sortu dute Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso pianistak, Lankurekin elkarlanean. Chopinen eta Xenpelarren antzekotasunetik tiraka, musika, bertsoak, istorioak eta inprobisazioa uztartzen dituen saioa izango da.
p040_f02_148x104.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Hitz-aspertuetatik edo bazkalondoko solasaldi luzeetatik atera ohi dira askotan proiekturik interesgarrienak, eta halako zerbait egin dute Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso pianistak. Bigarrenaren etxeko terrazan berriketan hasi, eta Frederic Chopin (1810-1849) eta Frantzisko Petrirena Xenpelar (1835-1869), piano-jotzailea eta bertsolaria, biek ala biek uste baino antzekotasun gehiago zituztela konturatzeraino.

«Biak ziren, bakoitza bere arloan, artista handiak», azaldu zuen Lizasok: biak ziren sortzaileak eta berritzaileak, Estaturik gabeko nazioetakoak -Polonia garai hartan ez baitzen Estatu oraindik-, biek bere hizkuntza propioa zuten, inprobisatzaile ikaragarriak ziren, katolikoak, biek bizi izan zituzten garai politiko gatazkatsuak -«belarrira ere jotzen zuen Chopin eta Xenpelar», gehitu zuen Egañak-... Eta biak hil ziren hiru hamarkada pasatxo zituztela: Xenpelar baztangaz eta Chopin tuberkulosiaz.

Antzekotasunekin jarraituz, gaitzak jota egon ziren azken hilabete haietan, euren arrebak izan zituzten biek zaintzaile lanetan. «Chopinen arreba Varsoviatik Parisera joan zen anaia zaintzera; Xenpelar, berriz, ez zuen inork zaindu nahi, gaitza oso kutsakorra zelako, eta arreba ere handik gutxira hil zen gaitzak jota», zehaztu zuen Lizasok.

Azken hilabete horietatik hartu zuen Egañak emanaldirako «Bi arreba» izena, poloniarraren musika, Xenpelarren bertsoak, eta Lizaso eta Egañaren inprobisazioa uztartzen dituen ikuskizunerako.

Bizkarrezurra kontakizun bat izango da, Chopinen kontuak, Xenpelarrenak... Lizasok pianoz lagunduko ditu Egañak kantatuko dituen Xenpelarren bertsoak eta Chopinen konposizioen artean «Iraultzailea» azpimarratu zuen Lizaso pianistak. «Vienan zegoela, 21 urterekin, amaren eskutitza jaso zuen, gerra hasi zela eta ez itzultzeko eskatuz, negarraldi hartan sortu zuen pieza hau», azaldu zuen.

Baina bertsolari bat eta piano-jotzaile bat taula gainean izanda, argi dago inprobisaziorako tartea ere hartuko dutela. Hala baieztatu zuten atzo, «jendearekin ere jolastuko dugu, saio bakoitza ezberdina izango da».

Lau emanaldi hitzartu dituzte momentuz. Lehenengoa azaroaren 1ean izango da, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Azaroaren 22an Andoaingo Bastero kulturgunean izango dira; abenduaren 12an, Bilboko Deustu auzoan; eta abenduaren 15ean, Errenteriako Niessen kulturgunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo