GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Eskoziarren txanda, independentziaren aldarrian

Bartzelonan inoizko jendetzarik handiena bildu zuen manifestazioaren oihartzuna ez da isildu; aitzitik, Madrilen jarreraren ondorioz, Kataluniako independentismoaren ahotsa ozenago entzuten da nazioartean ere. Gaur eskoziarren txanda da, eta Edinburgoko kaleetan barrena igaroko den manifestazioak herri hartako mugimendu independentistaren osasunaren berri emango du. SNPz gainera, SSPko sozialistek eta Berdeek ere bat egin dute gaurko mobilizazioarekin, Eskoziaren independentziarekin. Egunotan, espainiar unionistek esan dute herrialdeek «batzera jotzen dutenean», bereiztea erokeria dela; hala ere, independentziaren haizeak geldiezin jotzen du han-hemenka. Quebec ez da salbuespena, eta Europan litekeena ez ezik, hainbat nazioren apustua ere bada: Eskozia, Flandria, Katalunia edo Euskal Herria. Bada nazio horien prozesuen arteko alderik, jakina, eta bateko eta besteko unionistek behin eta berriz gogorarazten dute. Baina alderik nabarmenena gogoraraztea «ahaztu» egiten zaie: Estatu espainolean, egunotan argi utzi duten bezala, herritarren nahiaren agerpenei mehatxuka erantzuten dieten bitartean, Londresek eskoziarrek erabakitzea onartzen du. Faktore ugariren gainean eztabaidatu liteke, baina ikusmolde demokratiko batek nekez uka dezake herri bat independente izateko arrazoi nagusi eta sinpleena, nazio horietako herritarren nahia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo