Xabier Izaga Kazetaria
Auzitegiko medikuak, ostiaka irabazle
Carmen Baena Auzitegi Nazionaleko medikuak Iosu Uribetxebarriaren osasun egoeraz egin zuen lehen txostena irakurritakoan, Faemino y Cansado bikotearen gag bat etorri zitzaidan burura, eta atzera berriro bigarrena irakurri nuenean. Ez zait hitzez hitz gogoratzen, baina honelakotsua zen: «Nor da gehiago, harakin bat ala neurokirurgialari bat?», galdetu du Cansadok, eta Faeminok: «Ostiaka?». «Bai, jakina», besteak. «Argi dago, neurokirurgialaria», diotso Faeminok, «horrek ondo daki-eta non jo, eta kolpe batez ospitalera bidaliko zaitu segituan...».
Nor da gehiago, Donostia Ospitaleko onkologo taldea ala auzitegiko mediku bat? Galdera hori Auzitegi Nazionaleko fiskalari egin izan baliote, ez zuen zalantzarik egingo, ostiakako lehian zailduta: «Baena!, neronek eskatu bainizkion txostenak». Auzitegi Nazionala ere konbentzitu ez zuten txostenak, hain zuzen. Hori da hori, marka.
Auzitegi Nazionalak Uribetxebarriaren baldintzapeko askatasuna onartu zuen behin betiko ebazpenean, Donostiako medikuen gaitasuna, profesionaltasuna eta prestutasuna aitortu zituen, eta nabarmen utzi zituen auzitegiko medikuaren txostenak eta fiskalaren jokaera, epaileen erabakia Zigor Kodeak jasotzen ez dituen kontuetara desbideratzen ahalegindu baitziren, zenbait hedabideren laguntzarekin. «Aditu» horien arabera, Donostia Ospitaleko medikuen beldurrak azaltzen zuten arrasatearra kaleratu beharra agerian jartzen zuen txostena. Ez zuten aipatu ere egin lehenago Leongo ospitale bateko medikuek egindakoa, Donostiakoaren ondorio bertsuak agertzen zituena. Haiek ere beldur ote ziren? Baliteke. Auzitegiko medikuak, ordea, inondik inora ez. Horrelako mediku ausartak behar ditu Espainiak.
Joan den asteartean, egunkari honek Ramon Solaren «Auzitegi nazionaleko medikuak, legenda beltza baino askoz gehiago» izenburuko erreportajea argitaratu zuen. Legenda baino askoz gehiago den horren zenbait lagin bildu zituen. Eta auzitegiko mediku horien eta horiek babestu dituzten torturatzaileen eskuetatik igaro ondoren kartzelan dauden biktimek barkamena eskatu behar omen dute.