GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Sartze politikoa Ipar Eukal Herrian

Sozialistak ardura berriei ekinez eta UMP berrantolaketan barruratuta

artze politiko eguna izan zen atzokoa nagusi diren bi alderdi handientzat. Sozialistek datozen hilabeteetan gaurkotasuna markatuko duten erronkak aipatzeko baliatu zuten hitzordua; UMP alderdiko Max Brisson eta Michele Alliot-Mariek, berriz, sozialisten politika salatzeko. Alain Lamassoure eurodiputatuak Europari begira kokatu zuen diskurtsoa. S

p013_f01.jpg

Ainize BUTRON - Arantxa MANTEROLA

Azken asteotan gaurkotasuna markatu duen eta markatzen jarraituko duen deszentralizazio prozesutik at, zuzenki Ipar Euskal Herria ukituko duten beste hainbat gai mahai gainean daude frantses Gobernuan: Etxebizitza, atzerritarren bozkatzeko eskubidea, ororen ezkontzeko eskubidea eta presondegietako gainpopulazioa.

Colette Capdevielle diputatu sozialistak errepasoa eman zien gai horiei guztiei. Agintaldia Legebiltzarrean lan egiteko eta bere ikuspuntuak defenditzeko betetzen duela agerian jarri nahi izan zuen bere kargua estreinatu berria duenak. Horregatik, legeen komisioan sartua da, jurista gisa, «ekarpen gehien» egin dezakeen arloa delakoan.

Lehenik, etxebizitzaren gaia aipatu zuen, eta Cecile Duflot ministroa, 2013ko udaberrirako lantzen ari den etxebizitza sozialari buruzko legearen baitan Lapurdiko egoera kontuan hartuko duen tresna berezitu bat sortuko dela esan zuen.

Ondotik abokatu engaiatuaren papera hartu zuen Capdeviellek, eta, egungo Gobernuko hainbat ministroren erranak salatu ostean, urratsak egiteko ordua dela adierazi zuen. «Ezin da iritzi-azterketek zer dioten jakin zain egon. Politika egitea borondatezko hautuak egitea da».

Lurralde elkargoa eta beste

Atzerritarren bozkatzeko eskubideari dagokionez, Estatu frantsesak 30 urtez egindako agintzari eutsi behar diola esan zuen. Aldarrikapen indar berbera agertu zuen gay eta lesbianen ezkontzen gainean. Eta pozik agertu zen eskubide hori legez onartuko balitz, Napoleonen garaian idatzia izan den egungo Kode Zibil frantsesa errotik aldatuko litzatekeelako.

Capdeviellek errana du behin baino gehiagotan ikuspuntu humanistatik presoek, euskal presoak barne, euren familiagandik hurbil izan behar dutela, eta presondegiari alternatiba bat eman behar zaiola. Horrekin Baionako espetxea izan zuen aipagai atzo. Diputatua zaharkitua dagoen eraikin hori eraistearen aurka agertu zen: «Bere neurria txikia denez, gizatiarragoa da, baina berritu behar da».

Azkenik, kazetarien galderei erantzunez, Hautetsien Kontseiluan «esperimentazio» proposamena egin zuelarik guztiz «erratu» zuela onartu zuen Capdeviellek. «Gobernuak sozialisten artean adostasun bat izatea eskatu zigun. Uste nuen posible zela. Saiatu naiz, huts egin dut, kontuan hartu dut», argitu zuen. Halere, diputatuen artean dagoen adostasuna garrantzitsutzat jo zuen, baina, gaiak aurrera egiteko, herri elkargoetan, erregioan eta departamenduan eztabaidatu beharko dela uste du.

UMPk ere lurralde elkargoaren gaia aipatu zuen atzo Baionan ikasturterako dituzten erronkak azaltzean. Max Brissonek azaldu zuen UMPk ez duela jarrera ofizialik «barne-sentsibilitate ezberdinak» daudelako gai horren inguruan. Halere, «zintzotasunez» jokatu dutela gaineratu zuen: «Izan ere, beste batzuek ez bezala, hauteskundeen aurretik argi azaldu genituen gure jarrerak».

«Beste batzuek» zioenean, PSko hautetsiei buruz ari zen, «isiltasun ulertezina» edota azken asteetako «nahasmenduzko jarrerak» izatea leporatu baitzien zuzenean.

Ez zen, haatik, PSri egindako kritika bakarra izan. Estreinakoz oposizioaren lekua dastatzen hasia den Michele Alliot-Mariek gogorki jo zuen Hollande presidentearen politikaren kontra. «Lau hilabete besterik ez dira igaro boterea hartu zuenetik, eta dagoeneko boza eman zioten hainbat damutzen hasiak dira», esan zuen iritzi inkestak aipatuz. Ministro ohiaren ustez, «giroan kezka eta haserrea» nabarmenak diren unea «are eta egokiagoa da» UMPk galdu berri duen pisua berreskuratzeko.

Xede horretan alderdi eskuindarra barne-eztabaidan buru-belarri sartua da. Azaroaren 18an hiru gairen gaineko bozketa egingo dute militanteek.

Batetik, alderdiaren burua nor izango den (François Fillon edo Jean-François Cope). Bigarrenik, aurkeztuko diren zazpi ponentziak ere bozketara eramango dituzte. Horietatik hiru dira nagusiak, liberalek, humanistek eta gaullistek aurkeztutakoak. Azken joera horretan kokatu zuten euren burua agerraldian zeudenek. Ipar Euskal Herrian, Biarritz, Angelu eta Donibane Garazin izango dira hauteskunde-bulegoak.

Eta, Lamassoure erdian

Azken hizlaria Alain Lamassoure eurodiputatua izan genuen. Bere erranak, nagusiki, Europako aurrekontuaren eztabaidan kokatu zituen. Lurralde elkargoaren sorreraz duen iritzia ere agertu zuen, ezkortasuna adierazteko. Bere ustez, Gobernuak benetako deszentralizazio bat martxan jarri ahal izateko lekuko agintari handiekin gatazkan sartu beharko luke, eta gaur egun «horietarik bi herenak ezkerreko gehiengoarenak dira».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo