Aizkora Txapelketak
Nafarroak eta Bizkaiak finalistak ezagutuko dituzte
Gaur Larrabetzun jokatuko da kanporaketa bat, eta bestea bihar Uharte-Iruñean izango da.
Jon LEUNDA
Nafarroako Lehen Mailako kanporaketa jokatuko da bihar Uharte-Iruñean 17.30ean hasita. Berria Juanjo Erdoziak eman du, parte ez hartzea erabaki baitu, eta ondorioz behera jaitsiko den aizkolarietako bat izango da.
Erdoziaren faltan, bederatzi izango dira lehian arituko diren aizkolariak. Nazabal, Donato Larretxea, Lopez, Rekondo, Aitor Senosiain, Antonio Senosiain, Erasun, Oihan Larretxea eta Kañamares III.a. Lehenengo bost sailkatuek urriaren 7an Etxarrin jokatuko den finalerako txartela lortuko dute. Azken sailkatuak, berriz, maila galduko du Erdoziarekin batera.
Aizkolari bakoitzak bi kana-erdi, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu beharko ditu. Finalean sartzeko hiru faborito garbi ikusten dira, eta arazo larriren bat izaten ez badute, Nazabal, Lopez eta Donato Larretxea Etxarrin izango dira. Beste bi postuetarako borroka handia izango da, baita azkena ez geratzeko eta mailari eusteko ere.
Bizkaikoa
Bizkaiko Lehen Mailako kanporaketa ere gaur jokatuko da, eta Larrabetzun izango da 20.00etan hasita. Bertan, Irazabal, Lekue, Mendieta, Txikon, Atutxa, Zelai, Oregi, Intxausti, Garcia eta Garitaonaindia lehiatuko dira. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat moztu beharko ditu.
Lehen bost sailkatuek jokatuko dute finala, eta garbi dago ezer gertatu ezean, Atutxa eta Mendieta han izango direla. Bi aizkolari hauek gainerakoei sekulako aldea kentzen die, eta finalean seguru izango dira. Irazabalek ere normalean azkeneko saioan izan beharko luke.
Gainerakoen artean ez dago ikaragarrizko alderik, eta lehia polita izango da. Euskal Herriko Txapelketari begiratuta, Atutxa da Lehen Mailan dagoen bakarra, gainerakoak Hirugarren Mailan daude, eta Mendieta, berriz, ez da atera azken urte hauetan Euskal Herriko Txapelketan.
Juanjo Erdoziak uko egin dio Nafarroako kanporaketan aritzeari, eta ondorioz maila galduko du. Berarekin batera, bihar azkena geratzen denak ere datorren urtean Bigarren Mailan aritu beharko du.
Nazabal, Donato Larretxea eta Lopez Nafarroako finalean aritzeko faborito garbiak dira; Bizkaikoan, berriz, Atutxa eta Mendieta. Oso zaila izango da bost hauetako bat finaletatik kanpo ikustea.